Okamikak eta Sainzek irabazi dute Ajangizko pilota txapelketa
Ajangizko horma bakarreko frontoian jokatutako finalean Tellituren eta Arrizabalagaren kontra 22-16 nagusitu dira Okamika eta Sainz.
Ajangizko VII. Esku Pilota Txapelketa jokatu zuten herriko horma bakarreko frontoian, domekan [irailak 19]. Gantzabale Elkarteak antolatutako txapelketan, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi pilotariren artean osatutako lau bikoteren artean erabaki zen bikote irabazlea. Okamikak eta Sainzek Tellituri eta Arrizabalagari 22-16 irabazita jantzi zituzten txapelak.
Finala nahikoa luzea joan zen, ia ordubete iraun zuen. Garaipena eskuratzeko borrokan, lau pilotariek ez zuten amore eman nahi izan, gogor lehiatu ziren. Okamika oso ondo ibili zen, errematean asmatu zuen, eta txapela lortzeko erabakigarria izan zen gizaburuagarra.
Finalerdietan, Okamika-Sainz 18-16 nagusitu zitzaizkien Arrillagari eta Anduezari. Partidu berdindua izan zen horiena, Tellitu-Arrizabalaga eta Barandika-Anduaga bikoteen arteko finalerdia, berriz, arinago joan zen. Tellituk eta Arrizabalagak 18-12 irabazita lortu zuten finalerako txartela.
Euskal Herriko bakarrenetarikoa da Ajangizko plazan dagoen horma bakarreko frontoia, eta pilotarientzat berezia izaten da bertan jokatzea. Orain dela bi urte Garaygaz bikotea osatuta txapelketa irabazi zuen Unai Arrizabalagak eskerrak eman dizkie Gantzabale Elkartekoei: “Gozamena da bertan jokatzea, oso polita da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen bakarrena ez bada, bakarrenetakoa izango da”.
Argazkiak: Txebi Arriaga