MusikEAN zikloak musika klasikoagaz beteko du datozen egunotan Eako frontoia
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak Agustin Bergararen laguntzagaz eta udalaren babesagaz lehenengoz antolatu du zikloa. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta doakoak dira.
Udazkenaren hasiera musikaz jantziz, MusikEAN izenburupean musika klasikoko zikloa hartuko du Eskolondoko frontoiak bihar hasi eta astelehenera bitartean. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa da (aforo mugatuagaz), eta denak ere 19:00etan hasiko dira.
Herrijeri Emon Arnasa Kultur Taldearen proposamena da honakoa, eta musikaren hizkuntzan murgiltzeko gonbitea luzatu dute: “Musika berezia da guztiontzat, beste hizkuntza bat da; sentimenduak, sentsazioak… dena sartzen da hor barruan. Musika klasikora hurbilketa bat da orain proposatzen duguna. Tantaka ekarri ditugunean ikusi dugu adin guztietako jendea etorri dela entzutera. Apustu indartsu hau egin dugu, maila altuko musikariekin bost kontzertu egingo ditugu. Uste dugu musika klasikoa zenbat eta gehiago entzun, gehiago gustatuko zaigula eta gozatuko dugula”.
Agustin Bergara da musika koordinatzailea, eta haren bitartez herrian kontzertuak antolatu izan dituzte HEAkoek, baina oraingoan “salto kuantitatiboa eta kualitatiboa” eman dute. Aurrekoetan Bergararen piano ikasleak egon izan dira Ean, eta oraingoan, bere ikasle izandako musikari gazte profesionalak, “ibilbide handikoak” gonbidatu dituzte.”Udalaren babesa daukagu, gutxieneko gastuei aurre egiteko, baina eurek musutruk ematen digute euren artea. Maila altuko musikariak dira, eta eskerrak eman nahi dizkiegu eurei eta Agustin Bergarari, berari esker etorriko direlako”.
Egunotan Ean egongo diren musikarietako batzuek ospe handiko hainbat sari jaso dituzte eta Donostiako Musika Hamabostaldian jo berri dute, eta kritika onak jaso dituzte. “Bestalde, domekako hari-laukotea osatzen dutenek lotura handia daukate Eagaz eta Lekeitiogaz, udatiarrak dira. Ez dira profesionalak, beste lanbide batzuk dituzte, baina zaletasun handia daukate eta Euskal Herri osotik ari dira”.
EGITARAUA:
- Bihar (irailak 23): Ander Marzana (pianoa)
- Barikua (irailak 24): Jaime Fernandez (pianoa)
- Zapatua (irailak 25):
Trio Sostenuto:
Ana Sagastizabal (sopranoa)
Aitor Aburto (klarinetea)
Pedro G.A. Aguinagalderomalde (pianoa) - Domeka (irailak 26):
Hari-laukotea:
Borja Molla (biolina)
Unai Ibañez (biolina)
Karmele Elizaran (biola)
Aitziber Elizaran (biolontxeloa) - Astelehena (irailak 27): Javier Alciturri (pianoa)