Busturiko, Foruko eta Sukarrietako udal ikastaroetan izena eman daiteke
Eskaintza zabala prestatu dute hiru udalek. Ikastaroak urrian hasiko badira ere, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Busturiko, Foruko eta Sukarrietako udalek 2021-2022 ikastarorako eskaintza zabala prestatu dute; herritarrentzako hainbat ikastaro antolatu dituzte. Urrian hasiko dira, baina parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Busturiarrek honako ikastaroak edukiko dituzte aukeran: yogipilates, mantentze gimnasia, hirugarren adineko gimnasia, hipopresiboak, josketa, eskulanak eta euskara.
Izena emateko azkenengo eguna barikua (irailak 24) izango dela zehaztu du udalak. Altamirako Kultur Etxean, 94-617 10 04 telefono zenbakian edo liburutegia.busturia@bizkaia.org helbide elektronikora idatzita izena eman daiteke. Ikastaroak urriaren bigarren astean hastekoak direla jakitera eman dute.
Informazio gehiago gura duten herritar horiek Kultur Etxean bertan jaso ahalko dituzte zehaztasun gehiago.
Gutxienez, lau pertsona. Sukarrietako bizilagunek yogalates eta gorputza indartzeko ikastaroak izango dituzte aukeran. Horiek aurrera egiteko, baina, gutxienez lau pertsonak izena eman beharko dutela azaldu dute udal arduradunek. Zenbateko horretara iritsiko ez balira, ez lukete eskainiko.
Ikastaroak jai egunak ez diren astelehenetan eta eguaztenetan eskainiko direla azaldu dute: Gorputza sendotzea 17:15etik 18:15era izango da eta yogalates, berriz, 18:30etik 19:30era. Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira eta ekainaren 29a bitartean eskainiko dira.
Ikastaro batean zein bestean parte hartzeko asmoa daukaten herritarrek izena eman beharko dute udal bulegoetan, 09:00etatik 14:00etara. Horretarako azken eguna irailaren 27a (astelehena) izango da.
Azaldu dutenez, lehentasuna izango dute herrian erroldatutakoek, eskabideen aurkezpenaren arabera.
Aurtengo eskaintzaren baitan honakoak eskainiko dituzte, berriz, Foruan: emozioak ezagutuz gorputz adierazpenaren bitartez (10-15 urte bitartekoentzat), yoga, pilastes eta zumba.
Ikastaroetan parte hartu gura duenak irailaren 27ra (astelehena) arteko aukera izango du izena emateko. Interesa daukatenek izena emateko fitxa herriko Kultur Etxean bete beharko dute. Arduradunek azaldu dutenez, lehentasuna izango dute Foruan erroldatutakoek, eta ikastaro bakoitza aurrera eramateko gutxienez sei pertsonek izena eman beharko dute talde horretan. Ikastaroak urriaren 1ean hastea aurreikusi dute.
Ikastaro guztiak beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak beteta egingo dituztela azaldu dute.
Ikastaro bakoitzari buruzko informazio gehiago jaso guraduenak J.M. Torrealdai Kultur Etxera bertaratu edo liburutegi.forua@bizkaia.org helbidera idatzi beharko du.
Herriko Urdaibai Dantza Taldean parte hartu gura dutenek ere, izena emateko aukera daukatela azaldu dute. Informazio gehiago gura dutenek kultur etxean jaso ahalko dute edota urdaibai.dantza@gmail.com helbide elektronikora idatzita.