Jatetxe Nabarnizek irabazi du 51. Nabarnizko Zaldi Proben Txapelketa
51. zaldi proba txapelketa hartu du Nabarnizko frontoiak asteburuan, eta zaldi denetan onena izan da Jatetxe Nabarnizena. Proba “itzela” eta 70 untza eginda eskuratu zuen garaikurra etxean lehiatzen zuen Kepa Zubizarretaren zaldiak.
Jatetxe Nabarnizko zaldiaren aurkari zuzena Aulestiko Kobarena izan zen, 67 untza 3/4 eta 6,82 metro egin baitzituen bigarren sailkatuak. Atzetik, Garcia Alabak sailkatu zen hirugarren (60 untza).
Laugarrenaren, bosgarrenaren eta seigarrenaren artean ere lehia estua egon zen, denak bi untzako tartean sailkatu baitziren. Jose Iturriagak 53 untza 1/2 eta 6,41 metro egin zituen, eta Construcciones Torrontegik 53 untza. Seigarrena Fermin Santamaria izan zen, 52 untzagaz.
Bi jardunalditan banatuta sei zaldi aritu dira nor baino nor gehiago, eta “giro ederra” nagusitu zen Nabarnizko frontoian. Txapelketa Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarria izan da.
50. Nabarnizko Zaldi Proben Txapelketako irabazlea zen Maumeko Baraiazarraren zaldia lehiatzekoa zen arren, ez zen txapelketara aurkeztu.