Euskal emakumeen lanari balioa, bertsoen bitartez
Euskal Herriko historian zehar eginkizun erabakigarria izan duten emakumeen garrantzia goraipatzeko helburuz, Lilibertsoko kideek bertso saioa eskaini zuten barikuan Euskal Herria Museoan.
Museoko lorategian Janire Arrizabalagak, Nagore Beitiak, Aissa Intxaustik eta Enare Muniategik bertso saio bikaina eskaini zuten bertaratu zirenen aurrean, eta Iker Uriarte arduratu zen gaiak jartzeaz. Euskal Herria emakumeen begietatik zelan ikusten den kontatu zuten bertsolariek, eta Euskal Herriko historiako protagonista
izan diren emakumeen lana eta funtsezko erabakiak bertsoen doinuekin plazaratu zituzten.
Bertso saioa museoaren 30. urteurrenaren baitan antolatu dute. 1991ko uztailaren 31n zabaldu zuten museoa, eta urteurreneko ospakizunekin ere euren misioari eutsi gura diote: euskaldunen kultura lantzeari. Euskal emakumeen lanari balioa eman diote bilduma askotan, eta bertso saioagaz ere euskal emakumeen lana ezagutaraztea bilatu dute.