8.448 bisitari hurbildu dira Batzarretxera udan
1.389 izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoak, 7.059 atzerritarrak. Batzarretxeko eguneko edukiera udako jardunaldi gehienetan bete egin da. Familian gerturatu dira bisitari gehienak
Gernika-Lumoko Batzarretxeak bere ohiko irudia berreskuratu du udan. Apurka-apurka bisitariak jaso ditu, ekainaren 20tik irailaren 15era bitartean 8.448 lagunen sarrera zenbatuz.
Gernikako arbolaren atsedenlekuak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako zein beste Autonomia Erkidego batzuetako bisitarien arreta berenganatu du berriro, baita beste herrialde batzuetako pertsonena ere; horien artean gehienak europearrak izan dira. Hala, eguneko edukiera (154 pertsona gehienez) bete egin da udako jardunaldi gehienetan.
Batzar Nagusien egoitza ezagutzera joan diren pertsonen %83 Euskal Herri kanpokoak izan dira; 1.389 izan dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoakoak, 5.923 Espainiako autonomia erkidekoetatik hurbildutakoak, eta 1.136 Espainiako estatutik kanpokoak. Hain zuzen ere, Kataluniatik 1.817 bisitari hurreratu dira, Madriletik 1.279 eta Valentzitik 840. Espainiatik kanpoko bisitariei dagokienez, Europako herrialde handienetatik hurbildu dira gehienak. Izan ere, Frantziatik eta Alemaniatik etorri dira zenbatutako 1.136 atzerritarretatik gehienak, baina AEBetako herritarren etorrera ere atzeman da.
Zehaztu dutenez, familian egiteko turismoa izan da udan nabarmentzen dena.
Tiketak, derrigorrezkoak. Ekainaren 20tik aurrera Gernikako Batzarretxea bisitatu gura duenak erreserba bat eskatu beharko du webgunearen bidez edota Batzar Nagusien egoitzan bertan instalatutako totemm baten bidez. Sarrera doakoa da, baina edukiera mugatua delako eskatu behar da txartela. “Helburua Batzarretxe barruko guneetan pertsonen fluxua antolatzea eta edukiera mugatzea da”, adierazi dute.
Gehieneko edukiera 22 petsonakoa da orduko, eta bisitek 45 minutu irauten dute. Norabide bakarreko ibilbidea egin behar da etxe barruko barrutietan pertsonen fluxua antolatzeko; hain zuzen, osoko bilkuren aretoan hasten da bisita, eta Gernikako Arbolan amaitzen da, Batzarretxeko beste aretoetatik (Beiratearen Aretoa, liburutegia, lehendakariaren bulegoa…) igaro eta gero.