Urdaibaik seigarren amaitu du liga
Ligaren azkenengo bi estropadetan laugarren sailkatu da talde bermeotarra. Emozio biziko estropadan, Santurtzik irabazi du Bermeo Hiriko 39. Ikurriña.
Arraun ikuskizuna amaitu dute. Eusko Label Ligaren azken paladak atzo (irailak 19) eman zituzten, eta ohi legez, Portugaletek hartu zuen ligaren azkenengo estropada. Urdaibai laugarren sailkatu da asteburuan, Bermeon zapatuan, eta Portugaleten atzo. 154 puntugaz seigarren amaitu du liga talde bermeotarrak.
Klubak gaur jakinarazi du Jon Elortegik ez duela entrenatzaile izaten jarraituko, eta laster iragarriko dutela harek orain arte betetako kargua nork hartuko duen. Hain zuzen, Iker Zabalak atzo esan zuen Urdaibairen eta Santurtziren eskaintzak dituela.
Santurtzi jaun eta jabe izan da ligan, eta asteburuan ere bere nagusitasuna agerian geratu da. Soterakoek eskuratu dituzte asteburuko bi banderak. Iker Zabala entrenatzaile bermeotarraren taldeak zortzi bandera irabazi ditu, eta 217 puntu bildu ditu ligan, Hondarribia bigarrenak baino hamalau puntu gehiago.
Play off-ak. Bestalde, Getaria, Kaiku eta Tolosaldea izan dira asteburuko beste protagonistak. Igoera eta jaitsiera kanporaketak jokatu dituzte, eta hiru talde horiek datorren urtean gorengo mailan aritzeko txartelak bereganatu dituzte.
Gizonezkoetan, Kaiku, Getaria, Tiran, Samertolameu eta Bueu lehiatu dira Eusko Label Ligaren bi postuen arteko borrokan. Emakumezkoetan, berriz, Tolosaldearen, Deustoren, Hondarribiaren eta Caboren artean erabaki da Euskotren Ligan aritzeko txartel bakarra.
Bermeoko bandera. Bermeo Hiriko 39. Ikurriña irabazita ziurtatu zuen liga garaipena Santurtzik, zapatu arratsaldean (irailak 18) . Izan ere, Hondarribiarengandik zortzi puntura jarri zirenez, nahikoa zuten atzoko estropada amaitzearekin bigarren urtez jarraian Caixabank koroa bereganatzeko.
Estropada eremu zaila, gogorra izaten da normalean Bermeokoa, teknikoki lan ondo egin behar izaten dute. Zapatuan ere estropada zirraragarria izateko osagaiak bete ziren. Itsasoko baldintzengatik eta bandera irabazteko lehia estuarengatik emozio biziko uneez gozatu zuten bertan bildutako zaleek eta telebistaz jarraitu zutenek.
Lehenengo txandan Zierbenak egin zuen denborarik onena (21.28,04), eta Urdaibai bigarrena izan zen, zortzi segundo eta sei ehunenera. Zierbenak markatutako denboragaz atera ziren bigarren txandakoak, eta bandera irabazteko gertu egon zen lehen txandako irabazlea. Haizeak gora egin zuen ohorezko txandan, eta gorabeherak izan zituzten. Lehen ziabogan, Soterakoek hamar segundotan hobetu zuten Zierbenakoen denbora, baina, bigarrenean, Galipoek hogei segundoko abantaila zeukaten, eta hirugarren ziabogan ere Santurtzi sei segundo atzetik zegoen. Hala, Santurtzik azken luzean eskuratu zuen garaipena, eta amaieran bi segundo eta 26 ehuneneko aldeagaz astindu zuen bandera.
LIGAREN SAILKAPENA:
- 1.- Santurtzi 217 puntu
- 2.- Hondarribia 203 puntu
- 3.- Orio 177 puntu
- 4.- Donostiarra 176 puntu
- 5.- Zierbena 172 puntu
- 6.- Bermeo 154 puntu
- 7. Ondarroa 115 puntu
- 8.- Cabo 102 puntu
- 9.- Ares 82 puntu
- 10.- Lekittarra 73 puntu
- 11.- Tiran 55 puntu
- 12.- Zarautz 44 puntu