Lointek Gernika Bizkaia, liga hastear
Emakumezkoen Ligaren lehen jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak Spar Gran Canariaren kontra jokatuko du zapatu honetan (irailak 25), Malosten.
Emakumezkoen Ligaren lehen jardunaldia asteburuan lehiatuko dute, eta Lointek Gernika Bizkaiak 2021-2022 denboraldiaren aurkezpena egin du goizean, Bilboko portuan Lointekek daukan pabiloian.
Gorengo mailan zortzigarren urtea beteko du klub gernikarrak, eta EuroCup Women txapelketan bosgarren urtez ariko da.
Gernika-Lumoko taldeak etxean hasiko du liga, zapatuan (irailak 25). Spar Gran Canariaren kontra jokatuko du, 18:30ean hasita. Marea granatea Malosteko harmailetara bueltatuko da, jokalariei babesa emateko gogoz.
Eurokopari dagokionez, Lointek Gernika Bizkaia EuroCupeko H multzoan dago, Italiako Boloniako Virtusekin eta Frantziako La Roche Vendeerekin batera. Multzoko laugarren taldea irailaren 23an jokatu den Flammes Carolo eta Piestanske Cajkyren aurretiazko kanporaketetatik irtengo da. Lehenengo fasea urriaren 14ean hasiko dute. Lehenengo jardunaldian Boloniako Virtusen aurka jokatuko du talde gernikarrak Italian.
Marta Alberdi jokalari gernikarrak adierazi du “lan eta lan” ari direla, eta liga hasteko gogoz daudela: “Partidu asko eduki ditugu denboraldiaurrean, baina jada lehia sentsazio hori hartu nahi dugu”. Aurreko denboralditik zazpi jokalarik segitzen dute, eta klubak lau fitxaketa egin ditu denboraldi honetarako. Hala, taldearen “esentzia izaten jarraitzen” dutela azpimarratu du: “Mariok hori eskatzen digu beti. Gernika beti izan da defentsan gogorra izan den taldea. Jokalari berriak oso ondo murgildu dira taldean”.
Ligako lehen jardunaldian partiduaren “erritmoa” eurek eroan gura dute: “Talde oso fisikoa da, korrika asko egiten dute. Orain EuroCupa lehiatuko dute, eta talde indartu dute”. Zapatuan 500 pertsonako aforoa edukiko dute, eta Malosteko beteta ikusteko desiatzen daude: “Eurek ematen duten berotasuna garaipen bategaz eskertzeko gogoa daukagu”.
Eurokopan multzo “nahikoa gaitza” daukatela aitortu du Alberdik, baina “edozein talderi aurre egingo” diote. Europako txapelketa horretan beste pauso bat aurrera emateko gogoa daukate. Harrobiko jokalaria klubaren 25. urteurrenari buruz ere mintzatu da gaurko aurkezpenean: “Harrobia kontuan hartuta, klub hau hazten doa bai goi mailan eta baita harrobian ere. Txikitatik klub honetan egotea eta zelan hazten doan ikustea oso polita da”.
Beste urte batez, ilusioa berba aitatu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. Denboraldi hasierako egutegia “oso zaila” dela esan du: “Ea ligaren lehen itzuli ona egiteko gai garen. Roso Buch eta Gabija Meskonyte jokalariak apurka-apurka sentsazioak errekuperatzen ari dira, baina %50 daude”. Denboraldiaurrean “argi-ilunak” eduki dituzte: “Tarteka joko ona egin dugu eta horra joan nahi dugu, baina momentu batzuetan ez gara ondo aritu. Momentuz defentsan ez gaude egon nahi dugun moduan, errebote apur bat galdu dugu, eta bestetik, etorri direnekin kanpoko jaurtiketa orekatzea lortu dugu, batez ere barruko jokoan, eta orain, barruan joko biziagoa egin ahal dugula uste dut”. Aurreko denboraldietan lehiatzeko gai izan den moduko taldea izatea espero du, “kantxan arima uztea, eta saskibaloi ona egitea”.
Itziar Ariztimuño jokalari bilbotarrak ere klubarentzat urte garrantzitsua dela gogoratu du, eta taldearen helburuak azaldu ditu: “Liga hasiera ona egitea da gure helburua, Erregina Kopara sailkatzeko hori oso garrantzitsua baita. Eta helburuak dira baita ere EuroCupean ere hasiera ona egitea eta gure taldea pixkanaka-pixkanaka eraikitzea”. Fitxaketak entrenatzaileek agindutako joko eredura “azkar ohituko” direla uste du, pixkanaka jokoa ulertuko dutela.
“Anbizioa” daukan taldea dela azpimarratu du Belen Arrojo jokalari andaluziarrak, eta nortasunari eutsiz, aurreko urteetan “denboraldi oso onak” egin dituztela eta euren helburuak lortzeko gai izan direla: “Ildo horretatik jarraituta, pauso bat gehiago ematen ahaleginduko gara. Ligako talde denak gero eta lehiakorragoak dira, eta liga ere gero eta zailagoa eta lehiakorragoa da, eta hori polita da”.