Bizi osoko espetxe zigorren aurka mobilizatu dira Bermeon eta Ean
Sarek salatu du 7/2003 legeak bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen dituela, eta lege hori bertan behera uzteko eskatu du. Adierazi dutenez, hamabost euskal preso 40 urteko zigorra betetzera kondenatuta daude.
Sarek deialdiari jarraituz, Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan, zapatuan [irailak 18], eta Busturialdean Bermeon eta Ean batu ziren herritarrak. Sarek bizi osoko espetxe zigorren aurka eta giza eskubideen alde martxa bat zuen deituta zapaturako Arrasaten, baina barikuan bertan behera utzi zuten, Arrasaten arlo horretan lan egiten dutenek aurreko egunetan jasan duten “presio izendaezina” tarteko. Horren ordez, Euskal Herriko 50etik gora herritan deitu dituzte mobilizazioak.
Sarek salatu duenez, 7/2003 legeak bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen ditu, eta lege hori bertan behera uzteko eskatu du. Adierazi duenez, hamabost euskal preso 40 urteko zigorra betetzera kondenatuta daude: “Kondena horiek, baina, espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira. 7/2003 legeaz ari garenean ere, salbuespen legediaz ari gara, ez baita urruntze politika edo gradu progresioetara soilik mugatzen”.
Azpimarratu dutenez, urteak daramatzate legedi arrunta aplikatzea euskal presoen eskubidea dela aldarrikatzen: “Ez dugu bizi osorako zigorrik onartuko eta bere burua demokratikotzat izendatzen duen Estatu eta jendarte batek ere, ez luke halakorik onartu beharko. 7/2003a aplikatuz zigorra luzatu dieten euskal presoak, legez, kalean behar lukete, eta ez diogu hori aldarrikatzeari utziko”.
Urruntze politika bertan behera uzteko eman diren urratsen balorazio positiboa egin dute
Euskal Herriko hainbat plazetan zapatuan egindako elkarretaratzeak, gainera, aurreko egunetan jasandako “presioa eta manipulazioa” salatzeko ere baliatu dituzte. “Auzi honetan hainbat hedabidek, alderdi politikok eta instituzioek erantzukizunik gabeko jarrerak hartu dituzte, eta horrela, espetxe politikan edozein adalketa errefusatzen duten horien jarrera indartu dela salatu nahi dugu”.
Urteetako “blokeo egoeraren” ostean, urruntze politika bertan behera uzteko eman diren urratsen balorazio positiboa egin dute, urrats horiek guztiz gauzatu daitezen kale aktibazioaren beharra ere nabarmendu dute: “Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubidean urratzen dituen salbuespen legedia amaierara eramateko bidea zabaltzea lortu dugu”.