"Gaur egun, musika entzun baino gehiago, ikusi egiten da"
'Dr. Schultz' abestia eta bideoklipa estreinatu berri dute. Filmetan oinarritzen da bikotea abestiak sortzeko; lehenengo musika sortzen dute, eta horren ostean jartzen diote letra abestiari.
Jon Ander Santamariak (bateria) eta Txaber Miravallesek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Kruddö bikotea. Bakoitzak bere taldea badu ere, batu egin dira elkarrekin proiektu berri bat sortzeko. Stoner metal rock estiloko musika egiten dute.
Noiz eta zelan sortu zen Kruddö?
Jon Ander Santamaria: Lagunak gara. eta beti gaude elkarrekin, bakoitzak bere taldea dauka. Txaber Niketzen dago, ni Cäctusen. Beti esaten genuen zerbait egin behar genuela elkarrekin. Konfinamenduan bata bestiari audioak botatzen hasi ginen, eta horrela hasi ginen etxetik, ordenagailuagaz. Hortik zenbait abesti atera ziren, eta gerora, Txaberrek anplifikadorea erosi zuen eta aurrera egin genuen.
Txaber Miravalles: Konfinamenduak ekarri zigun batu eta benetako zerbait egiten hastea. Oraindik, hala ere, gauza asko lotzen gabiltza, labean dauzkagu gauza asko eta asko. Biok lotzen gaituen estiloko proiektua da sortu duguna. Poz-pozik gabiltza, ea noraino iristen garen. Ikusten duzunean gauzak funtzionatu dezakeela, serioago hartzen duzu. Bikote modura bagabiltza ere, hirugarren Kru-ddito baten laguntza handia ere badaukagu, ideia asko ematen dizkigu, sare sozialak kudeatzen lagundu…
Nondik dator taldearen izena?
J.A.S.: Lehenengo ideia Unicornio Canival izan zen.
T.M.: Bilatzailean izena sartu eta bakarra izatea zen gure asmoa. Izaki Gardenaki buruz ari ginen, eta hortik Izaki Gordinak, eta handik gero Kruddö. Uste dut gure estiloagaz ondo datorren izena dela.
Diskorik kaleratzeko asmorik ba al daukazue?
T.M.: Abesti gehiago ditugun arren, bost dauzkagu grabatuta, nashaketak falta dituzten arren. Estudiotik pasatu gabe, geuk bakarrik egin dugu eta egiten ari gara lana.
J.A.S.: Asmoa da abesti solteak kaleratzen joatea eta dauzkagun bostak prest daudenean, bilduma bat egitea. Ahal dugunean, gainera, bideoklipagaz zabaldu gura ditugu. Entseguekin ere hasita gaude.
Orain dela gutxi zabaldu duzue Dr.Schultz abestiaren bideoklipa.
J.A.S.: Iñigo Atxak egin dizkigu grabaketak eta muntaia Txaberrena da.
T.M.: Bai, eta gehiago egitea da asmoa, baina denbora eta gogoaren arabera izango da. Bideoklipak egitea garrantzitsua dela uste dugu. Gaur egun, musika entzun baino gehiego, ikusi egiten da. Entzulearen izaera aldatu egin da. Gu oso fetitxistak gara, baina gero, jendeak diskoak entzuten al ditu? Kontua da nora begira gauden eta zer egin gura dugun. Abesti solteak botata eragin handiagoa edukitzea posible da gaur egun.
Autoekoiztutako lana zuena.
T.M.: Bai, estudiotik pasatu gabe, gu gabiltza, gure erritmora. Bideoklipa ere guk geuk egindakoa da.
Letrak bion artean idazten dituzue?
T.M.: Saiatzen gara, ideiak bai behintzat.
Lehenengo, letra ala musika?
J.A.S.: Musika. Musikaren arabera doa gero letra. Doinuak ematen dizkigu letrak sortzeko pistak.
T.M.: Filmeetan oinarritzen gara, ondoren kausa sozialetan eraldatzeko. Esaterako, Django filmean oinarrituta abesti bat daukagu, baina guk ez dugu horretaz hitz egiten; kasu horretan, arrazakeriaren aurkako abestia da, film hori aintzat hartuta. School of Rock, beste alde batetik, alaiagoa da.
J.A.S.: Batman filmean oinarrituta, berriz, Iluntasunetik Argira abestia daukagu; behean dagoen tipo batek goraka zelan egiten duen kontatzen du. Abestiaren arabera, letrek mezu bat edo beste izango dute.
Euskaraz sortzen duzue.
T.M.: Momentuz bai, baina ez dizkiogu beste hizkuntza batzuei atea zarratzen. Orain artekoak euskaraz egin ditugu.
Zuen beste taldeetan egiten duzuenaren desberdina da bion arteko proiektu hau?
J.S.: Baietz esango nuke. Cäctusegaz alderatuta, bai behintzat.
T.M.: Nire kasuan, beste taldean ere, ahotsa nirea da, eta gitarra jotzen dut baita ere. Ahotsa, hortaz, antzekoa izango da. Aditua baldin bazara, baina, aldaketak nabarituko dituzu, eta ez bazara, nire ustez, baita ere, baina…
Bietan batera aritzea zaila da?
J.A.S.: Nik neuk nahikoa ondo daroat. Cäctusegaz zaletasunez aritu izan naiz beti, astean behin batu izan gara, kontzertuak baldin badaude ondo eta ez badaude ere ondo. Taldekideak orain dela gutxi gurasoak izan dira, eta apur bat geldi daukagu momentu honetan.
T.M.: Bategaz edo besteagaz momentu batean dagoen panoramaren araberakoa ere bada, horren arabera lehentasuna ematen diozu bati edo besteari. Momentu honetan, nire kasuan, honek dauka garrantzi handiagoa, baina hemendik pare bat astera Niketzegaz zer edo zer sortzen bada, hari eman beharko nioke denbora gehiago.
Kontzertuak ematearena zelan ikusten duzue?
J.A.S.: Momentuz ez gara hasi horretan. Pentsatuta geneukan abendurako hastea, baina apur bat gehiago itxaron beharko dugula uste dut.
T.M.: Gu kontzertuzaleak gara eta horren aldekoak gara. Bagabiltza entseguekin, zenbat eta gehiago hobeto gabiltza, gainera. Hala ere, ziurtasunagaz taularatu gura dugu. Gauzak ondo egin gura ditugu, horrek markatuko duelako gure norabidea. Garrantzitsua da lehenengo kontzertuak kalitatezkoak izatea, jarraipena bermatzeko.
Urteak daroazuez musika munduan. Musika egiteko, zabaltzeko edo kontsumitzeko moduak aldatu egin direla uste duzue?
T.M.: Moduak aldatu egin dira, bai. Orain, sarean egiten dira gauzak. Batu barik ere, etxetik lan egin dezakegu, eta gero, lokalera zoaz jakinda zein den bata bestearen lana. Zabaltzeko modua ere aldatu da; gaur egun, ez da horren garrantzitsua disko bat ateratzea, baizik eta hor egon eta mantentzea. Orduan, uste dut, gure erronka orain izan behar dela hemendik gutxira, asko jota hilabete batera, beste kantu bat ateratzea eta handik bi astera beste bat. Nire ustez, hor dago gakoa, eta oso zaila da hor mantentzea. Gu oraintxe hasi gara eta nahikoa harrera ona izan dugu eta, beraz, hasierako bultzada hau mantendu beharra daukagu.
Sare sozialei buruz, ze iritzi?
T.M.: Beharrezkoak dira, jendea hortxe dabil. Ni ez naiz horren aldekoa, baina ez dago beste modurik.
J.A.S.: Erakusleiho erraldoia da.
Epe laburrera, ze asmo?
T.M.: Abestiak sortzea.
J.A.S.: Sortzen ari garen bitartean, zuzenekoak prestatzen ibiliko gara eta tarteka pilulak botako ditugu. Hor egon behar gara.
Eta, epe luzera?
T.M.: Abestiak sortzea eta kontzertuak ematea. Zaila da, hala ere, epe luzera neurtzea.
J.A.S.: Kruddönetagaz joango gara emanaldietara.