Elkarlanaren berri dakarren sirena hotsa
Sirena hotsa Txingudi badian entzun zen irailaren 5ean; Astrakoak jo zuen, hain zuzen. Faxistek Irun mendean hartu zuteneko 85. urteurrenean, San Martzialen eta Behobiako zubian piztu zuten sirena.
San Martzialetik badia osora. Irailaren 5ean sirena hotsagaz itzartu ziren Txingudi inguruko bizilagunak. Gernikan 1937ko apirilaren 26an jo zuen sirena berak esnatu ditu aurten irundarrak, faxistek hiri hori mendean hartu zuteneko 85. urteurrenean.
Ipes eta Kepa Ordoki memoria elkarteen arteko elkarlanari esker, Astrako sirena Irunen egon zen irailaren 5ean. Ipeseko eta Gernika Memoriaren Lekuko platafromako kide Ibon Meñikak azaldu duenez, goizean goiz lehenengo, eta urteurreneko ekitaldian geroago ere piztu zuten sirena Irunen. «San Martzialetik pizteak eragina izan zuen inguru osoan: Irunen, Hendaian, Hondarribian… Badia osoan. Mugarik ez dago». Iragarri barik piztu zuten goizean sirena, inpaktua handiagoa izateko. «Jendea harritu egin zen, are gehiago entzun zutena Gernikako sirena zela jakin zutenean».
1936ko irailaren 5ean, ezta aurreko egunetan, Irunen ez zuen sirenarik jo. Irungo eta Txingudiko herritarrek ez zuten abisurik jaso. 1936ko udan 33 bonbardaketa operazio jasan zituzten Irunen, suzko bolak jaurti zituzten, guztira, 33 aldiz. Irailaren 2an, hamar aire eraso izan zirela bilduta du Xabier Irujo ikertzaile eta historialariak.
1936ko irailaren 5ean faxistek Irun eta Hondarribia indarrez hartu zituzten. Urteurren hori gogoan izan zuten joan den irailaren 5ean egin zituzten ekitaldietan, eta Behobiako zubi zaharrean eguerdian egin zuten ekitaldian berriro jo zuen Gernikako Astrako sirenak. Bertatik hamarnaka errefuxiatu joan ziren faxismotik ihesi.
Jendea harritu egin zen entzun zutena Gernikako sirena zela jakitean»
Lobak elkarteko eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kide Maitane Uriartek esan du asmoetako bat zela gogoeta bultzatzea. Jendearen memoria astintzeko modu bat dela nabarmendu du, baina baita gazteen artean ere zerbait piztekoa. «Transimisoaz ari gara berriro. Guk ere, Gernikan egiten ditugun hainbat ekintzaren bitartez hori da lortu nahi duguna, belaunaldi berriek bonbardaketarekiko intesera eurenganatzea, bihar-etzi beraiek jarraitu beharko dutelako guk hasitako bideagaz».
Aterpe sinbolikoa. Uriartek esan bezala, «Picasso koadroa gerraren sarraskia salatzeko eta munduko ‘Gernika’ desberdinetan zenbait balore aldarrikatzeko erabiltzen den bezala, guk ere Astrako sirenagaz antzeko zerbait egin genezakeela pentsatu genuen».
Meñikaren ustez, «memoriaren lekuko izateko beste modu bat da». Azkenaldian, memoria lantzen dutenen artean saretzeko ahalegina egiten ari direla azaldu du. «Euskal Herrian barrena badaude memoria modu batean edo bestean lantzen duten elkarte, dinamika, talde, zein egitasmoak, eta Gernikak badauka modu ezberdinetan konektatzeko aukera bat. Guk hori sustatzeko motibazioa daukagu». Jarrera eta harmen positiboa dagoela dio Meñikak, kasu honetan Kepa Ordoki Memoria Elkarteak erakutsi duen bezalakoa. «Ipes elkarteak deituta memoria elkarrizketa egitera etorri zirenean aipatu ziguten Gernikagaz konektatzea beraientzat oso interesgarria zela, elkartearen lanari bestelako dimentsio bat ematen ziolako sinbolismo ikuspegitik».
Sustrai «polit bat» ikusten du Meñikak memoria elkarteen artean, memoriaren lekukotza hori lantzeko bide bateratu bat. «Askotan sentsazioa badaukagulako norberak bere egitekotik eta bere lekutik egiten duela, eta ez dugula eraikitzen denon arteko lan edo memoria ariketa bateratu bat. Uste dut Gernikak eskaintzen duela aterpe sinboliko hori, eta Kepa Ordokikoek hori balioan jarrita egin zuten sirena eramateko planteamendua».
Nork bere modura egiten du memoria baina, ohartuz gero, denena berdina da»
Memoriarako piezak. Jakitun dira Gernikako sirena Astratik ateratzeak bere arriskuak badituela. Halere, sirena beste leku batzuetan entzuteak bere zentzua baduela dio Uriartek: «Lleidara ere joan bazen, zergatik ez Euskal Herrian biadaitu?».
Lobakek transmisioa bultzatu du, beti, «modu berritzaileetan bada ere, belaunaldi berri bat garelako. Baina guretzat transmisio bide bat da saretzea eta beste elkarte batzuekin aritzea. Azken finean, nork bere modura egiten du memoria baina, ohartuz gero, denena berdina da».
Gernikako sirenari buruz arakatzen jakin zuten haren ‘ahizpa’ Sabadellen (Lleida, Katalunia) dagoela, eta 2017. urteko apirilaren 26an Sabadellen ere entzun zen sirena hotsa, Gernikako sirenak Astratik 04 minutu ekimenean jotzen zuen bitartean. Geroago, urte bereko maiatzean, Astrako sirenak Sabadellera bidaiatu zuen. Hain zuzen ere, Sabadelleko udaletxeko teilatuan hainbeste urte egin dituen sirenaren berdintsua da Astrakoa, biak ere gerra sasoian Sabadelleko La Electricidad S.A. enpresan egindakoak. Beren-beregi, aire erasoen abisuak emateko fabrikatutako sirenak dira eta, horregatik, memoria gordetzen duten piezak ere badira. Testuinguru horretan, Astrako sirena Historia Museoan egon zen erakusten, 2017ko maiatzetik urte bereko uztailaren 10era bitartean.
Aurten ere, azaroaren 2an, Lleidako bonbardaketaren urteurrenean, Astrako sirenak joko du berriro. «Lleidaraino ere joan da eta joango da sirena» –dio Uriartek–, «Kataluniagaz daukagun lotura berezi hori zaintzeko eta sirenaren bikia han dagoelako». Horregatik, Lobakeko kideak dio zentzu guztia daukala bertoko elkarteekin harremana egin eta sirena eskatzen dutenean baietza ematea. «Babesa emateko eta babes hori bueltan jasotzeko modu bat ere bada. Azken batean, ez dakigu nork nori ematen dion laguntza handiagoa, guk sirena uztean edo beraiek guri ohore hori egitean».
Izan ere, Uriartek dio sirena Astratik ateratzean Gernikako Lobei ikusgarritasuna ematen dietela. «Bakoitzak bere modura landuko du memoria transmisioa, baina elkarri babesa eman behar diogu».