Txatxarramendiko zubia birgaituko du aldundiak
Txatxarramendiko zubia birgaitzeko lanekin "hurrengo asteetan" hastea aurreikusi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Obrek 14 aste eta erdi irautea aurreikusi dute, eta 347.190 euroko aurrekontua izango dute.
Txatxarramendiko zubiaren egitura birgaituko du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta lanokin “hurrengo asteetan” hastea aurreikusi du. Sukarrietako udal mugartean dagoen zubia 2013an berritu zuten, baina ordutik okerrera egin du azpiegituraren egoerak, eta beste esku hartze bat egiteko premia dagoela adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak: “Beste esku hartze bat egin behar da azken zortzi urteetan gertatu diren kalteak konpontzeko”.
Obrek 14 aste eta erdi irautea aurreikusi dute, eta 347.190 euroko aurrekontua izango dute.
Lanekin azpiegituraren zati bat hartu duen landaredia kenduko dute, eta hezetasun eta koipe orbanak garbituko dituzte. Saneamendua zubiaren euskarri metaliko guztiei aplikatuko zaie, zubiaren taula osoko kutxatilak garbituz eta horietako batean ur hoditeria berria jarriz. Era berean, hormigoizko zutabeak konpondu eta horiek dituzten oxidazio orbanak kenduko dituzte; atzeman dituzten pitzadurak ere beteko dituzte. Lanak osatzeko, zubiaren hormigoiaren zenbait puntutan hautemandako salbedurak konponduko dituzte, eta hormigoizko egituraren estaldura babesgarria egingo dute.
Zubia birgaitzeko lan nagusiak amaitu eta gero, barandak eta farolak margotuko dituzte: “Falta zen farola horietako bat jarriko da eta baranden arteko hutsuneak ixteko elementuak jarriko dira, lau gunetan baranden arteko tartea komeni dena baino handiagoa dela uste delako”.
Txatxarramendiko uhartea Urdaibaiko Biosfera Erreserbako eremu babestuan dago, eta lanak egiteko eremu natural hori kudeatzeaz arduratzen den patronatuaren baimenak behar izan dituzte. Aldundiak zubia birgaitzeko ardura hartu du horrela, Eusko Jaurlaritzaren Kosta sailari itsaso eta lehorraren arteko eremu publikoa okupatzeko baimena eskatu eta gero.
108 metroko zubia. Txatxarramendiko zubiak 108 metro inguruko luzera du, eta Bermeo eta Bilbo arteko trenbidea gainetik zeharkatzeko balio du. Gernikako itsasadarraren gainetik ere igarotzen da, eta ibilgailu eta oinezkoei uhartera joateko sarbidea eskaintzen die. Izan ere, bertan daude Azti zentro zientifiko eta teknologikoa eta parke botaniko txiki bat.
Horietara joateko sarbidea den zubia 1943an amaitu zuten, eta sei baok osatzen dute. Hain zuzen, zubiaren hirugarren zutabearen goiko aldea konpondu zuten 2013an. “Horrez gainera, galtzadaren loturak berregin ziren, zubiaren barandaren zati bat berritu zuten, eta baranda osoaren eta farolen ainguraketa hondatuak konpondu zituzten. Elementu horiek margotu eta garbitu ere egin ziren, eta ura drainatzeko hainbat elementu jarri zituzten”, azaldu dute foru administraziotik.