Ondare irisgarria eta inklusiboa jorratuko dute Ondarearen Jardunaldiek
214 kultur proposamen prestatu dituzte, eta Busturialdean ekintza ugari egongo dira aukeran.
Kultura irisgarriagoa eta inklusiboagoa izatea bilatuko dute aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien XXI. edizioan. Horretarako, sarea osatzen duten pertsona, erakunde eta instituzioek elkarrizketarako eta ekintzarako aukera berriak sortzeko lan egingo dute, baita hartzaile gehiagorekin konektatzeko ere. “Horregatik, kultura ondarearen aurkezpenean eta interpretazioan tradizionalki ordezkaritza eskasa izan duten edo baztertuak izan diren taldeekin topaketa eta prozesu inklusiboak sustatu dira”, azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. 214 kultur proposamen prestatu dituzte, eta Busturialdean ekintza ugari egongo dira aukeran.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gaur aurkeztu du jardunaldien 21. edizioa, eta “denontzako” moduko programa dela aurtengoa azaldu du. Izan ere, 50 udalerrik eta 100 organismok eta kultur elkartek baino gehiagok osatu dute egitaraua. “Kolektibo guztien laguntza funtsezkoa izan da jarduerak diseinatzeko prozesuan. Hurrengo erakundeek lehenengoz parte hartu dute pertsona guztiei zuzendutako programa honetan: ONCE Fundazioa, Gorabide, Karenka, Fekoor, Andra Mari Zentro Okupazionala, Asebier, Gaude, Argia, FormArte, Síndrome de Down Fundazioa, Retina Bizkaia Begisare, Adisa eta ADIZMI”.
Aurtengo egitaraua kultur arloan lan egiten duten pertsonen adierazgarria baino ez dela dio Bilbaok: “Gure baloreak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazten ditu. Horregatik, guztion eskubidea da kultura gozatzea. Horixe da aurtengo edizioan aldarrikatzen duguna: ondare inklusiboa, kidetasuna, librea, lasaia, oztoporik gabekoa, eta gustora bizitzeko kultur esperientziak jasotzen dituena”.
Egitarau zabala. Ondarea pertsona guztiaei gerturatzeko egitaraua urrian zehar bultzatuko da. Guztira 214 jarduerak osatuko dute agenda: bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak, konferentziak, topaketak, lekukotzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, bideoforumak, lehiaketak, ginkaka… “Hartzaile mota guztientzako antolatutako jarduerak dira”, adierazi dute.
Jardueren egitarua www.ondareabizkaia.eus webgunean kontsulta daiteke, eta jarduera horietan parte hartzeko interesa dutenek atari horren bidez, telefonoz (944 06 63 40) zein posta elektronikoz (ondareabizkaia@bizkaia.eus) egin ahal izango dute.
Batzea eta ez bereiztea da inklusioaren gakoa. Tailer inklusiboak sortzeko erronkari erantzun diote elkarte zein museoak, eta lankidetzan, proposamen berriak prestatu dituzte. Gernikako Batzarretxeak, esaterako, entzumen aniztasuna duten pertsonek parte hartu ahal izango duten bisita gidatua prestatu dute; teknikari bat eta zeinu hizkuntzako interprete bat egongo dira.
Migratzaileen bizipenak ezagutzeko aukera ere egongo da. Aulestin, migratzaileen oroimena ezagutarazteko topaketak antolatu dituzte, eta protagonisten lekukotzak eta esperientziak plazaratuko dituzte. Markina-Xemeinek ipuin kontaketak antolatu ditu, udalerrian bizi diren jatorri geografiko askotako pertsonekin eta elkarteekin batera. “Bakoitzak bere mundu ikuskera plazaratuko du kontakizunen bidez”, adierazi dute.
Emakumeek kultur ondareari egindako ekarpenak aitortu eta ikusarazteko ibilbide eta erakusketak ere prestatu dituzte, Busturian esaterako.
Eta gazteen eta nagusien parte hartzea bultzatzea helburu hartuta, belaunaldien arteko tailerrak sustatu dituzte. Bermeon, nagusien lekukotzak gazteenekin partekatuko dira. Besteak beste, bizimoduen eta ohituren eraldaketa edo kultur paisaia bezalako gaiak jorratuko dituzte.