Gazte Egunean batuko dira gazteak zapatuan
Abuztuan ospatu ohi izan dute Gazte Eguna udalerrian, baina COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko, ospakizuna irailera atzeratzea erabaki dute. Egun osorako ekintzak antolatu dituzte.
Azken hilabeteetan prestaketa lanetan aritu eta gero, Gazte Egunean batuko dira Gernika-Lumoko eta inguruetako gazteak zapatuan; 11:00etan Pasealekuan jarri dute hitzordua.
Abuztuan ospatu ohi izan dute Gazte Eguna udalerrian, baina COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko, ospakizuna irailera atzeratzea erabaki dute. Dagoenerako aurkeztu dute egitaraua, eta 11:00etatik iluntzera arteko ekintzak prestatu dituzte.
Herri apainketagaz hasiko dute eguna Pasealekuan, eta ginakan elkartuko dira gero. Herri osoan zehar ibiliko dira ginaka osatzeko bete beharko dituzten probak egiten, baina parte hartzeko, sei pertsonako taldeak osatu beharko dituzte lehenengo, eta Instagrameko Reels bat grabatu beharko dute gero. Bideo horietako protagonista Gernikako piperra izan beharko dela aurreratu dute antolatzaileek, baita talde originalenak saria izango duela ere. Zehaztu dutenez, barikua da bideoak bidaltzeko azken eguna.
Ginkana amaituta, Astran batuko dira herriko gazteak. Bertan, herri bazkarian elkartuko dira, eta bazkalostean jolasak izango dituzte aukeran.
Arratsaldean, musikak hartuko du kulturarako fabrika soziala. Izan ere, musika talde zein dj-ak ariko dira giroa musikatzen. Pompete Crew, Bassagain, eta DJ Unzu eta Gorkita ariko dira.
Egitaraua:
– 11:00. Herri apainketa Pasealekuan.
– 12:00. Ginkana Paselekuan hasi eta herri osoan zehar
– 14:30. Bazkaria Astran.
– Ostean. Jolasak.
– 17:30. Kontzertuak Astran.