Europako txapeldunari, merezitako harrera
Superwelter pisuko Europako txapeldunaren gerrikoa jantzi zuen Kerman Lejarragak asteburuan, eta harrera egin dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Azken urteetan boxeolariak egindako lan ona azpimarratu du Rementeriak.
Idoloa da Kerman Lejarraga. Superwelter pisuko Europako txapeldunaren gerrikoa eskuratu zuen joan den asteburuan Dylan Charral frantziarra garaituta, eta lan hori aitortu gura izan du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Morgako errebolberraren lana aitortzeaz gain, Minimosca kategorian Europako txapelduna den Joana Nani Suarez boxeolariaren lana ere aitortu du gaur.
Ahaldun nagusiak Lejarraga eta Suarez zoriondu ditu euren lorpenengatik, eta horiek talde-lanaren, arduraren eta egunean-egunean hobetzeko ahaleginaren fruitua direla azpimarratu du.
Bi kirolarien lana aitortu dute Foru Jauregiaren harrera aretoan, eta bertan izan dira Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, bi boxeolarien prestatzaileak diren Ibon Larrinaga eta Eder Gomez, eta kirolarien staff teknikoko kideak.