Adierazpen artistikoa lantzeko ikastaroetan izena eman daiteke
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak espresio artistikoa lantzeko ikastaroetarako izen ematea zabaldu du. Interesatuek irailaren 28ra arte izena eman dezakete kultur etxean edota www.kulturagernika-lumo.eus webgunean.
Herritarrak zura lantzeko tailerrean, Artisau-bitxigintza tailerrean, Eskulanak egiteko saioan edota Haurren sormena lantzeko ikastaroan izena eman dezakete; azken hori sei eta bederatzi urteko haurrei zuzenduta dago. “Kultur etxeko tailerrak adin guztietako herritarrei begirakoak dira, edozein adinetakoentzat, ikasteko gogoa dutenentzat, beren ideiak objektu artistikoetan, bitxietan, egurrean, oihaletan … islatzeko gogoa dutenentzat. Sormena duen edozeini bururatzen zaion guztia landu daiteke ikastaro hauetan”, adierazi dute kultur etxeko ordezkariek.
Zehaztu dutenez, ez da aurretiko ezagutzarik behar ikastaroetarako, oinarrizko teknikak modu didaktiko eta pertsonalizatuan ikasten direlako. “Proiektu sinpleenetatik konplexuenetara, ikasleek sortzeko, adierazteko, diseinatzeko eta birziklatzeko beharrezko trebetasuna eta ezagutzak eskuratuko dituzte, beren lanak eginez”.