18.669 bisitari jaso ditu Turismo Bulegoak, iaz baino 8.505 gehiago
Herriko leku interesgarriei buruzko informazioa eskatzeaz gain, eskari orokorrenak gastronomiari, museoei, mendi ibilaldiei eta Donejakue Bideari buruzkoak izan dira.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak 18.669 bisitari zenbatu ditu aurtengo udan, aurreko urteko udan baino 8.505 gehiago.
Bisitari gehienak Espainiar Estatutik bertaratutakoak izan dira, bisitarien %77,18. Hain zuzen ere, ia pandemia aurreko datuak zenbatu ditu Turismo Bulegoak Espainiako bisitariei dagokienean: 14.432 bisitari jaso ditu aurten, eta 15.243 bisitari jaso zituen 2019an. Gehienak Herrialde Katalanetakoak (3.441), Madrilgoak (1.875) eta Valentziakoak (1.594) dira.
Atzerriko bisitariei dagokienez, 2.700 pertsona hartu dituzte aurtengo udan, 2019an baino 5.384 pertsona gutxiago. Atzerritarren kasuan, Frantziatik (838), Alemaniatik (124) eta Italiatik (123) etorritakoak nabarmentzen dira.
Antolatutako bidaiei dagokienez, 28 talde iritsi dira aurtengo udan, 940 bisitarirekin. Datu horiek iazkoak baino hobeak dira, 2020an 68 turistako hiru talde baino ez zirelako erregistratu. “Hala ere, 2019ko datuetatik urrun gaude oraindik, orduan 93 talde iritsi baitziren, 2.262 pertsonagaz”, gogorarazi dute Turismo Bulegoko ordezkariek.
Hilaren arabera. Bisitari kopurua hilabeteka aztertuz gero, aurtengo uztailean 6.204 pertsona gerturatu dira turismo bulegora, 2020ko aldi berean baino 2.035 gehiago; horien %35 atzerritarrak izan ziren (1.100).
Abuztuan ere, datuek goranzko joera mantendu dute, 12.495 bisitari zenbatuz. Hain zuzen, 2020ko udan baino 6.500 pertsona gehiago iritsi dira turismo bulegora, eta bisitari horien %81,09, hau da 10.132 bisitari, Espainiar Estatukoak izan dira; 2019an 10.127 izan ziren espainiarrak. Atzerriko bisitariei dagokionez, iazko abuztuarekin alderatuta, susperraldia %104,41ekoa izan da, 770 bisitaritatik 1.574ra igo baita aurten.
Zehaztu dutenez, bisitariek herriko leku interesgarriei buruzko informazioa eskatzeaz gain, gastronomiari, museoei, mendi ibilaldiei eta Donejakue Bideari buruzko informazioa eskatu dute.