Maezturen obra Batzarretxera bueltatu da
Gustavo de Maezturen Lirika eta erlijioa izeneko triptiko monumentala zazpi hilabetez egon da Bilboko Guggenheim Museoan, Bilbo eta pintura erakusketan, eta bere jatorrizko lekura bueltatu dute orain: Gernikako Batzarretxearen Beiratearen aretora.
Bilbora eroan baino lehen triptikoaren hiru panelak zaharbarritu zituzten, eta, beraz, Maeztuk obrari eman zion jatorrizko kolorea ikusteko aukera dago orain.
Lirika eta Erlijioa lanak dramatismo bereziko gertaera historiko bat gogorarazten du: “Aintzaren Zapatuko Galerna izenez ezagutzen den ekaitza gogorarazten du, 1878ko apirilaren 20an Bermeoko berrehun arrantzale baino gehiago hil zituena”. Lan horregaz Gustavo de Maeztuk euskal bizitzaren eta jardueren alegoria egin gura izan zuen, izan ere, arrantzale batzuk lehorrera heldu zirenean herritarrek heriotzaren aurrean sentidu zuten hunkipena jaso zuen triptikoan.
1922ko lana. Sorkuntzarako kezkak bultzatuta, 1922an sortu zuen hasiera batean Tierra vasca izena zeukan obra: “Bere helburua sinbolismoz betetako proiektu artistiko handi bat asmatzea zen, Gernikan ospatzekoa zen Eusko ikaskuntzaren Hirugarren Kongresuan erakusteko. Teknika artistikoaren menderatzaile bikaina zen Maeztu, eta hiru hilabeteko epean amaitu zuen lana”.
Gernikako erakusketa amaituta, Bilboko Filarmonikako areto nagusian izan zen ikusgai. Urte bereko abenduaren 26an, lagun talde handi batek obra erosteko eskatu zien Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Azkenean, 1923ko ekainaren 25ean triptikoa aldundiaren jauregian geratu zen, bigarren solairuko galerietako batean.