Espero baino pedalkada gehiago
Txirrindu gainean ezarritako 24 orduko erronka solidarioa bete eta gainditu du Bermeoko Ziklistek taldeko Roberto Garcia Lamelak. 639,62 kilometro egin ditu, espero baino ia 40 kilometro gehiago.
Txirrindu gainean 24 orduz pedalkadak emateko erronka solidarioa jarri, eta erronka bete eta gainditu du Roberto Garcia Lamelak. Bermeoko Ziklistek taldeko txirrindulariak 639,62 kilometro egin ditu bizikleta gainean, “espero baino gehiago”, eta kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba eskuratu ditu. Camposek emango ditu kontserbak, eta Bermeoko Gurutze Gorriarentzat dira.
Barikuan hasi zuen elkartasunez betetako erronka Bermeon, eta Gernika-Lumo eta Mungia zeharkatu zituen, berriro Gernika-Lumora bueltatu eta handik Bermeorainoko ibilbidea egiteko. Ibilbide hori bederatzi aldiz baino gehiagotan egin zuen, aurreikusitakoa baino kilometro gehiago eginez. “639,62 kilometro egin ditu Roberrek, hau da, uste baino ia 40 kilometro gehiago. Aurreikusitakoa baino 40 kilometro gehiago egiteak erraza dirudien arren, dagoeneko 600 kilometro egin dituzunean, ez da batere erraza. Oraindik handiagoa da lortu duena”, adierazi dute Bermeoko Ziklistek taldekoek. Kilometroei, gainera, 7.000 metroko desnibela gehitu behar zaie: “Ibilbidea 28,7 kilometro orduko denboran osatu du”.
Erronka “gogorra” izan da, baina Garciak herritarren, lagunen eta familiaren babesa izan du kilometroz kilometro. Ez dute bakarrik utzi. Txirrinduan beragaz ibili dira batzuk, eta herritarren babesa ere jaso du herrian. “Gogorra izan da, baina uste dut bizikletan Roberregaz ibili direnen babesak, boluntarioen prestutasunak, animatzera hurbildu diren senideen babesak… motibatu egin dutela eta aurrera egiten lagundu diotela”, azaldu dute.
Gurutze Gorriari euren esker ona adierazi diote, euren instalazioak “funtsezkoak” izan direla esanez: “Uneoro gurekin egon dira, zerbait falta zaigun galdetzen”. Gaztelugatxe Gozotegiaren ekarpena ere eskertu dute Bermeoko Ziklistek taldekoek: “Gozokiak oso ondo etorri zaizkigu, eta egunari ukitu gozoagoa eman zioten”. Eta Camposen laguntza ere “bikaina” izan dela diote, izan duten hartu-emana nabarmenduz: “Tratua zuzena izan da eta behar izan dugun guztia eman digute. Orain produktuak ematea falta da, baina ari dira horretarako eguna zehazten”.