Bakearen Museoak 13.028 bisita jaso ditu uztailean eta abuztuan
Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren udako balantzea "oso positiboa" da, izan ere, aurtengo uztailean eta abuztuan 2020ko urte osoko bisitarien kopurua gainditu dute. Indarberrituta, udazkenerako jarduera berriak prestatu dituzte.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak “sentsazio onekin” amaitu du uda. Aurtengo uztailean eta abuztuan 2019ko udako bisitari kopurua gainditu du, 13.028 bisita jasoz; 4.354 bisita uztailean eta 8.674 abuztuan. “Udako balantzea oso positiboa izan da. Uztailean eta abuztuan 2019ko bisitarien kopurua gainditu da –pandemia aurrekoa– eta iraila ere oso ondo hasi dugu”, adierazi dute Bakearen Museoko ordezkariek.
Estatistikek “argi eta garbi” erakusten dute bisitariek jarrera ona dutela Gernikako Bakearen Museoarekiko, bai museoaren barneko erakusketekiko zein kanpoko bisita gidatuekiko. Herrian zehar egiten dituzten bisita gidatu horietan Gernikako berreraikuntza lantzen dute, baita herriko monumentuak ezagutu eta herriko memorian sakondu ere. Picasso eta Gernika koadroari buruz berba egin edota herrian dauden babeslekuak ezagutarazten dituzte.
Udako bisita gehienak Espainiar Estatuko bisitarienak izan dira: 9.132 hain zuzen. Ohiko bisitariez gain, Andaluzia, Gaztela Mantxa, Gaztela Leon, Aragoi edota Asturias inguruko bisitariak izan dituzte: “Museoa bisitatzen ez zuten inguru horietako bisitari asko izan ditugu aurtengo udan. Gainera, katalanek, valentziarrek eta madrildarrek etortzen jarraitu dute, ohi bezala”, azaldu dute museoko ordezkariek. Atzerritarrei erreparatuz, europearrak hurbildu dira gehien. Uztailean eta abuztuan 2.835 izan dira Europatik udalerriko museora bertaratutakoak, eta horien arteran frantsesak, italiarrak eta portugaldarrak nabarmendu dira.
Abuztuaren 21a arte, 15.579 bisitari izan ditu museoak aurten. Iazko urte osoan (pandemia urtea) 13.063 bisitari izan zituen, eta 2019an, 53.096 bisitari.
Bakearen Museoko ordezkariek talde guztiaren “lan handia” azpimarratu dute, “modu seguruan eta pandemiaren une desberdinetan ezarri diren arauak zorrotz betez, bisitariei zerbitzu osoa eman dietelako”. Besteren artean, sarrerak Internetez erostea erraztu dute, sarrerak saltzeko kanak berriak ezarri dituzte eta hamar minuturo hamar pertsonako sarrerak eskaini dituzte: “Horren ondorioz, bisitaldia kalitate handikoa eta inoiz ez masifikatua izan da”.
Indarrak berrituta, udazkenari begira. Bakearen Museoak udako ordutegia mantenduko du urriaren 17ra arte, zapatutik astelehenera 10:30etik 16:00etara bitarteko zerbitzua eskainiz, eta martitzenetik barikura berriz, 10:00etatik 18:00etara artekoa. Urriaren 18tik aurrera, neguko ordutegia izango du: astelehenetan itxi egingo dute, martitzenetik barikura bitartean 10:00etatik 16:00etara zabalduko dute, eta zapatuetan eta domeketan, 10:30etik 15:00etara artean bisitatu ahalko da. Gogoratu dutenez, sarrera doakoa izango da urteko domeka guztietan.
Udan indarberritu egin dira, eta udazkenerako gogoz daude. Gaurtik urte amaierara arte, hiru bisita gidatu eskainiko dituzte egunero 10:30ean, 12:00etan eta 13:30ean, hizkuntza desberdinetan. Hurrengo egunetarako ere, herriko historian eta ondarean sakontzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte:
- Gernika-Lumoko emakumeak: Irailaren 16an eta 17an, eta azaroaren 24an, 25ean eta 26an.
- Gernikako hilerria, Gerra Zibilaren lekuko: Urriaren 29an, 30ean eta 31n, eta azaroaren 18an eta 19an.
- Gerrako korrespontsalak: Azaroaren 13an eta 14an, eta abenduaren 7an, 8an, 22an eta 23an.
Arduradunek jakinarazi dutenez, urriaren 24an museoak ibilaldi eta ibilbide gidatu berezia egingo du, Matxitxakoko gudua oroitzeko monumentua eta Burdin Hesia eta Berangoko museoa bisitatuz.
Halaber, Gernikako bonbardaketari eta 36ko Gerrari buzuko dokumentazio zentroak bere zerbitzu guztiei eusten diela adierazi dute. Hala, urte amaierara arte Memoria eta erbestea izeneko erakusketa bibliografikoa ikusgai dago, “dokumentu eta gai horri buruzko liburu interesgarriekin osatuta dagoena”.