Morgako errebolberraren orroa
Superwelter pisuko Europako txapelduna da Kerman Lejarraga. Asteburuan Bartzelonako Palau Olimpic Vall d'Hebronen Dylan Charral frantziarrari irabazita bereganatu du titulua. Welter eta superwelter kategorietan Europako txapelduna da Lejarraga, eta bi titulu horiek lortuta historia egin du Morgako boxealariak.
Legenda eta idolo. 29 urtegaz izarra. Kerman Lejarragak welter pisuan birritan bereganatu du Europako titulua, eta orain, superwelter pisuko Europako txapelduna da. Bere nortasunak eta borrokatzeko moduak ezagun egin du nazioartean, eta welter eta superwelter kategorietan Europako txapelduna bihurtuta historia egin du. Umiltasunetik lan eginda, handia da Morgako errebolberra egiten ari dena. Handia da bera.
Dylan Charral frantziarra garaituta lortu zuen titulu berria, zapatuan [irailak 11], Bartzelonako Palau Olimpic Vall d’Hebronen. Borroka “gogorra eta ona” izan zen. Bi hilabetetan bere taldeagaz entrenamenduetan landutakoa egitea lortu zuen, eta “zoriontsu eta gogotsu” dago. Orain, titulua Bilbon defendatzea da bere nahia, bere ingurukoen eta jarraitzaileen artean.
Borroka ondo prestatuta zeukan, egin beharrekoa zorrotz aztertuta, eta behetik gora joanda, eta aurkaria nekarazteko estrategiagaz emaitza ezin hobea izan zen. Batik bat hasieran lehia estua eta parekatua eduki zuten. Lejarragak bere estiloa plazaratu zuen, beste behin, eta lan erdiak eginda, nor baino nor horretan erakustaldia eman zuen. Seguru ikusi zen hasieratik amaieraraino.
Zortzigarren roundean K.O. lortzeko oso gertu egon zen, baina frantziarrak eutsi egin zion. Hala ere, aurkaria behera zihoala ikusita, garaipena eskuetan sentitu zuen Morgako errebolberrak. Hamargarren roundean amaitu zuten borroka (hamabira zen). Charratek emandako burukadaren ondorioz, Lejarraga ezker betazaletik odoletan hasi zen eta epaileak borroka gelditzea erabaki zuen. Jarraian, epaileek morgarrari eman zioten garaipena.