Azken egunotako jarrerak gaitzetsi dituzte
Bermeoko Udalak eta EH Bilduk herriko hainbat gunetan ikusitako "jarrera desegokiak" salatu dituzte, ohar desberdinen bidez.
Bermeoko Udalak eta Bermeoko EH Bilduk azken egunotan herriko leku desberdinetan eman diren “jarrera desegokiak” gaitzetsi dituzte.
Bermeoko Udalak erabat gaitzesten ditu azken egunotako “jarrera desegoki, kezkagarri eta salagarriak”. “Herritarrekin, ostalariekin eta dendariekin egindako lan prebentiboak emaitza onak eman baditu ere, eta egun hauetan ezarritako dispositibo bereziak eskuhartze asko egin baditu ere, guztion betebeharra da arauak errespetatzea, eta tamalez, hainbatek ez dute bere betebeharra bete eta hainbat jarrera ez-solidario ikusi ahal izan ditugu”, esan dute.
Udalak “arauak bete eta betearazteko etengabeko lanean” jarraituko duela diote, eta herritarrei eskatzen die “ahalegin berezia” egiteko: “Herri honek ez du gizalegearen kontrako jarrerarik gura, eta ez ditu onartuko! Guztion ardura da indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak betetzea eta gure bizilagunak eta herria bera zaintzea. Denon konpromisorik barik ezinezkoa izango da aurrera egitea, osasun egoera hobetzea eta herri txukun bat izatea”.
Era berean, udalak eskerrak eman nahi dizkie egun hauetan guztietan lanean dabiltzan segurtasun eta garbitasun zerbitzuetako langileei, bai eta jaiegunak alde batera utzi eta indarrean dauden neurriak betetzen dituzten eta gehiengoa diren bermeotarrei ere.
Bermeoko EH Bildurentzat egunotan herrian gertatutakoa “onartezina” da : “Ezin dugu onartu jaiak direla aprobetxatuta eta bizi dugun osasun egoera honetan, herriko zenbait gune apurtzea, zikintzea eta hainbat arau hauste egitea. Hau ez da bidea!”. Esan dutenez, Bermeoko EH bilduk “ez ditu horrelako jarrerarik onartzen”.
“Non daude arazo hauek saihesteko alkatetzak ipini behar izan dituen prebentzio eta koordinazio planak?”, galdetu dute: “Uste dugu udal gobernu honen jarrera albo batera begiratzea dela”.
Zerbitzu saileko langileen lana eskertu gura izan dute; “baliabide mugatuak edukita, herria garbi utzi dutelako”.
EH Bilduren arabera, hondakinen prebentzioan eta sentsibilizazioan “konpromiso handiagoa” behar da, eta horretan lanean jarraituko dutela gaineratu dute: “Orain arteko moduan udal gobernuari eskua zabaltzen diogu guztion artean mota honetako arazoei irtenbideak bilatzeko”.
Bermeoko EH Bilduk herritarrei eskatu die “erantzunkizunez jokatzeko”,”denon lana delako ingurua, osasuna eta herria zaintzea”.
Herri Babesaren kexa. Harribolak hondartzako sarreran dagoen galiboa suntsituta agertu zen joan den astean. Herri Babesako boluntarioek jakitera eman dutenez, urtean zehar hainbat txosten bideratzen dituzte, herrian dauden arazo, hobekuntza eta konpoketa beharretaz. Horiek guztiak herriko zein herritaren segurtasuna bermatzeko egiten dituztela aipatu dute: “Kasu horietako bat da Harribolak hondartzarena, non, duela urte batzuk eta arrazoi desberdinengatik, bideratu zen galibo bat ezartzearen erabakia”. “Ulergaitza” egiten zaie “denen onerako” egiten duten lana “batzuek suntsitzea” eta ondorioz, “beharrezkoak ez diren arriskuak sortzea”.
Herri Babesaren ustez, Harribolatan gertatutakoa Bermeoko Udalak egun hauetarako hartutako erabaki batzuen ondorio izan da: “Egun zehatz batzuetan, jai giroa sortzen den aparkaleku batzuk zarratu dituzte. Horren ondorioz, beste toki batzuetara mugitu dira jai giro horiek, horietariko bat Harribolak izanik. Argi dago erabaki batek ez duela justifikatzen horrelako gizalegearen kontrako jarrera, baina hartzen diren erabakien arabera sortu, sustatu edo ekiditu daitezke egoera desberdinak”.
Gogorarazi dute, gainera, Herri Babesa ez zutela deitu Bermeoko Udalak Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin jaiak aurretik egindako segurtasun mahaian parte hartzeko; “hortaz ez zen entzun ezta baloratu Herri Babesaren lana, esperientzia eta iritzia egun garrantzitsu hauetarako”. “Ulergaitza”dela uste dute; “mahai horretan parte hartu izan bagenu, mahai gainean egon zitezkeen horrelako zein bestelako egoerak ekiditeko neurriak eta iritziak. Herrian egunero lan egiten duen boluntarioz osatutako udal barruko lan talde garrantzitsu honek bere ahotsa izan behar du herriaren segurtasunari buruzko gai eta espazioetan, lehen bezala; beti egin duen moduan ikuspegi hurbil, eraikitzaile eta konprometituan herriaren segurtasuna bermatu eta arriskuak ekiditu aldera”.
Herri Babesa osatzen duten boluntarioek, hala ere, herriarekiko zein herritarrekiko “konpromisoarekin lanean jarraituko dutela aipatu dute; “gogotsu eta beti prest herri seguruago baten alde lan egiten”.