Elaiaren doinua etxeko atarian
Martxoaren amaieratik irailera arte, landa eremuetako etxe eta baserriak musikatzen dituzte enarek, tartean Maria Angeles Bereziartuarena. Orain, Afrikarantz joateko unea iritsi zaie.
Udaberrian Afrikatik Euskal Herrira datorren txoria da Elaia, udaberriaren adierazle bihurtu dena. Enara izenez edota ainhia bezala ere ezagutzen dira Busturialdeko eta Euskal Herriko parajeak doinuz betetzen dituzten txori horiek. Martxoaren amaieratik irailera bitartean egoten dira Euskal Herriko txoko desberdinetan, eta orain, Afrikara joateko ordua ailegatu zaie.
17 edo 20 gramo artean pisatzen duten hegaztiek milaka eta milaka kilometro egiten dituzte emigratzen, Afrikako Uganda ingururaino joaten direlako. Hala ere, denbora tarte luzea egiten dute Euskal Herriko landa guneetan, eta euren etxea bihurtu da Maria Angeles Bereziartua muxikarrarena. Bereziartua Ajurian bizi da, eta urtero-urtero elaien bisita jasotzen du. «Nik 50 urte baino gehiago daramatzat etxe honetan, eta gurera beti etorri izan dira elaiak. Etartean habiak eginda zeuden gu bertara bizitzera etorri aurretik, eta guk hala mantendu ditugu», adierazi du muxikarrak. Aurten, etxeko atariko lau habiez gain, beste bi ere egin dituzte goiko sabaian.
Enarek baserrietako atari edota etarteetan egiten dituzte habiak, lokatza erabilita. «Gure baserritarrentzako oso estimatuak diren txoriak dira, eltxoak, euliak… jaten dituztelako bakarrik», dio Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoak. Eguraldi txar eta hotzekin zailtasunak edukitzen dituzte intsektuak harrapatzeko, eta hori gertatzen denean, alturan dauden baserrietatik ibarretara ihes egiten dutela dio.
2009 aurretik baserri gehienetan elaiak egoten zirela azpimarratu dute Bereziartuak eta Unamunok: «Urdaibain habia piloa egiten zituzten». 2009an, baina, eguraldia asko «okertu» zen maiatz bueltan, eta enarak bertatik joan zirela dio Bereziartuak: «Eguraldi txarrak asko eragiten die, eltxoak jaten dituztelako, eta euriagaz zaila delako horiek harrapatzea. Kumeak asko ahultzen dira, eta gosez hiltzen dira askotan». Urte hartako maiatzean tenperatura asko jaitsi zen, eta txitak hiltzeaz gain, elaia asko ere hil zirela azaldu du biologoak: «2009an ez ezik, hurrengo bi urteetan ere eguraldia oso hotza izan zen, eta enaren kopurua erdira murriztu zen. Horrelako egoera bat igaro eta gero, asko kostatzen da bisitariak berriro inguru honetara bueltatzea». Hala ere, apurka-apurka enara kopurua berreskuratuz doala uste du: «Aurten inoiz habiak egin ez dituzten tokietan ere egin dituzte».
2009az geroztik, elaien etorrera «asko» mugatu zen, baina Bereziartuaren atarian ez dira falta izan. Bereziartuak elaiak «ondo zaintzen» ditu: «Leku aproposa da elaientzako Ajuria ingurua, eta Mari Angelesek ondo zaintzen ditu. Etxean argiztapena jartzerakoan kable batzuk jarri behar izan zituzten etartean, eta horiek jartzerakoan ere habiak errespetatu zituzten». Beste etxe edo baserri batzuetan habiak kentzen dituzte egoera horietan.
«Nik 50 urte baino gehiago daramatzat etxe honetan, eta gurera beti etorri izan dira elaiak”
Zazpi urtez jarraian
Bereziartuaren etxean enarek beti habia egiten zutela ikusita, duela zortzi urte elaia horiei eraztunak jartzea erabaki zuten Unamunok eta Jose Mari Unamuno Bird Centerreko zuzendariak. «Atarian zegoen elaia bikotea harrapatu eta eraztundu egin genuen, euren joan-etorriak zeintzuk ziren ezagutzeko. Hurrengo urtean baserriz baserri ibili ginen, eta 25 bikote harrapatu genituen eraztunak jartzeko. Maria Angelesen etxean, hain justu, aurreko urtean eraztundutako enara bikotea zegoen. Eraztunetatik informazioa jaso eta Costa de Marfilen egon zirela ikusi genuen». Orduz geroztik, emea zazpi urtez jarraian bueltatu da Bereziartuaren etxera, baita aurten ere: «Txori hauek urtebete edo urte biko bizitza daukate, eta elaia horrek zazpi urte dauzka. Urte horietan, gainera, beti hurbildu da Maria Angelesen etxera».
Urtero-urtero jartzen dituzte eraztunak, eta ohartu dira elaia gehienek landa eremuetan jendea bizi den baserrietan jartzen dituztela habiak: «Landa eremuak oso aproposak dira, euren jatekoa baserri inguruetan aurkitzen dutelako, eta ez basoetan. Bitxia da, baina jendez betetako baserriak gustuko dituzte». Horietan, bi kumaldi egiten dituzte, eta bakoitzetik lauzpabost kume jaiotzen dira. Landa eremutik kanpo, Gernika-Lumon ere elaiak egon direla dio Unamunok, Lurgorritik Santa Luziarantz joateko baserri etxe batean: «Aurten ez dira egon».
Aurten inoiz habiak egin ez dituzten tokietan ere egin dituzte”
Esaera zaharrak dio enarek zortea dakartela. «Sekulako kantak egiten dituzte, eta elaiak datozela beti da albistea. Beste hegazti batzuekin ez da horrelakorik gertatzen. Poztasuna ekartzen dute», adierazi du muxikarrak. Etxeko atarian dituenean, iratzargailurik ere ez duela behar aitortu du Bereziartuak, txorien kantuekin izartzen direlako. Izan ere, 50 baino gehiago izan dituzte etxe aurrean behin baino gehiagotan. «Ohituta gaude. Etorriko ez balira, euren falta sumatuko genuke». Unamunok ere Bereziartuaren esaldia berretsi du, bere etxeko atarira ere enarak hurbiltzen direlako oraindik: «Gaur egungoak iparraldetik datoz, eta geldialdia egiten dute gurean, gero Afrikarantz joateko».