Deiadar Mendien Eguna bertan behera utzi dute
Bigarren urtez jarraian, ez da adar hotsik entzungo Deiadar Mendien Egunean. Ekitaldi jendetsuan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna eta osasuna lehenetsi dute.
Deiadar Mendietara urtero egiten duten igoerak beste urte bat itxaron beharko du. COVID-19aren ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiak bertan behera utzi dute irailaren 25ean ospatzekoa zen Deiadar Mendien Eguna. Gorbeiatik egitekoa zen aurtengo Gernikako Batzar Nagusietarako deia, baina urtebete atzeratu dute ekitaldia; XVII. edizioa 2022ko irailean edo urrian egitea aurreikusi dute.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak adierazi du pandemiak azken asteetan bilakaera positiboa izan duen arren, ez dela behar den besteko segurtasuna bermatzen deiadar tontorretako batean elkartzen diren ehunka mendizale batzeko: “Osasun erakundeei eta urteroko tradizio hori antolatzen laguntzen duten mendi klubei egindako kontsulten ostean hartu da erabakia”.
Otaduik gaineratu du ekitaldi herrikoi horretan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna eta osasuna lehenetsi dutela.
Ohiturakaz segika. Tradizioak dioen moduan, Gorbeiak duela bi urte Ganekogortako gailurrean egindako hitzorduaren lekukoa hartu eban, lehenago Solluben, Oizen edo kolitzan egin zen moduan. Antonio Truebak idatzitako kondairak dioenez, XIV. eta XV. mendeetan Gernikan egiten ziren bileretako deiak horrela egiten ziren, adar hotsez.