Pentsiodunen aldarriak bueltatu dira
Abuztuaren 24an onartutako lege-proiektuak biltzen dituen murrizketak eta udan zerbitzu publikoetan emandako murrizketak salatu dituzte Busturialdeko pentsiodunek. Azaroaren 13an, Hego Euskal Herriko kaleak beteko dituzte.
Pentsiodunen aldarria bueltatu da herriko plazetara. Euren argudio eta mobilizazioekin erakutsi dute Pentsioen Sistema Publikoa “guztiz bideragarria” dela, eta lortu dute pentsioen errebalorizazioa bizi kostuaren hazkundearen arabera egitea. Hala ere, sakoneko eskaerek “konponbide barik” jarraitzen dutela diote, eta euren aldarriak astelehenero kaleratzen jarraitzeko asmoa dute.
Toledoko Itunak, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak eta Gobernuaren Lege Proiektuak ez dituzte pentsiodunen beharrak asetu: “Gomendio eta akordioek aurreko murrizketa ia guztiak mantentzen dituzte, eta murrizketa berriak egitea ahalbidetzen dute. Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioen erreformarako Lege Proiekuaren helburua pentsioak berriro murriztea eta lan bizitza luzatzea da; lan gehiago egitea pentsio txikiagoa jasotzeko”.
Udan zerbitzu publikoan emandako murrizketak ere salatu dituzte gaurkoan. “Zerbitzu publikoetan emandako murrizketak agerian geratu dira udan: murrizketak osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan, zuzeneko arretako zerbitzuak murriztea, bankuek sukurtsalak ixtea eta aurrez aurreko arreta murriztea… Gainera, elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du, bere boterea eta Estatuko Gobernuaren jarrera agerian utziz”, adierazi dute pentsiodunek. Hori horrela, soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak murrizteak “gizartearen gehiengoa pobretzen” duela diote.
Egoera “onartezina” dela uste dute, eta aldaketak eskatu dituzte. Hala, 20211ko eta 2013ko pentsioen, eta 2010eko eta 2012ko lan kontratuen erreformak “behingoz indargatzeko” aldarria kaleratu dute beste behin: “Kalitatezko enpleguak sor ditzatela langileen bizitza duintzeko soldatekin, eta Gizarte Segurantzaren diru sarrerak hobetu ditzatela, gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz”.
Egoeraren aurrean, azaroaren 13an Hego Euskal Herriko kaleak betetzeko deia egin dute pentsiodunek, pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak lortzeko. Mobilizazioetan bat egitea erabakitzen duten erakunde sozial eta sindikalekin antolatuko dituzte horiek.
Lehenago, urriaren 1ean ere, kalera aterako dira pentsiodunak, Adineko Pertsonen Eguna dela aldarrikatzeko. “Kalera aterako gara, adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko”.