Kultur eta kirol jarduerek hartu dute Nabarniz
Etzi umeentzako antzerkia egongo da, zapatuan kaleko zinema, eta domekan euskal dantzen emanaldia esku pilota partiduak.
Andra Mari Eguna da etzi, baina aurten, ez dute egun hori ohi bezala ospatuko Nabarnizen. Koronabirusa dela-eta, ez da jairik egongo, baina modu seguru eta antolatuan egin daitezkeen kultur eta kirol ekintzak prestatu ditu udalak. Puro Relajo musika taldearen kontzertuaz gozatu zuten zapatuan nabarniztarrek, eta herri kirol erakustaldia izan zuten atzo. Aste honetan ere, badago zertaz gozatu: umeen antzerkia egongo da etzi, eta kaleko zinema zapatuan; euskal dantzek eta esku pilota partiduek hartuko dute plaza domekan.
“Jairik ez badago ere, modu seguru eta kontrolatuan gauzatu daitezkeen kultur eta kirol ekintzak prestatu ditugu aurten. Gehienak frontoian izango dira, sarrera mugatuagaz, eta Elexaldeko plazan egiten direnak ere modu antolatuan egingo dira”, adierazi dute udal arduradunek. Hala, adin guztientzako ekintza desberdinak antolatu dituzte.
Puro Relajo musika taldearen emanaldia izan zuten zapatuan, eta 250 lagun bertaratu ziren frontoira, frontoiaren gehienezko edukiera betez. Atzoko herri kirol erakustaldiak ere herritarren harreta berenganatu zuen. Izan ere, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerza aizkolariek, Mikel Urra harri jasotzaileak eta Jose Martin Bustinza Tubik erakustaldi bikaina eman zuten.
Etzi, Porrotx eta Marimototsen Zorionak Marimotots ikuskizunaz gozatuko dute txikienek frontoian, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak agortuta daude.
Zapatuan kaleko zineman elkartuko dira. 21:00etatik aurrera, Padre no hay mas que uno 2 ikus-entzunezkoaz gozatzeko aukera izango dute Elexaldeko plazara bertaratzen direnek.
Dantzek hartuko dute plaza domekan. 13:00etatik aurrera, Kabelinatxe dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du Elexaldeko plazan; euria eginez gero, frontoian batuko direla jakinarazi dute. Eta pilota partiduek hartuko dute dantzen lekukoa. Herriko txikienen partiduak, kadeteena eta nagusienak jokatuko dituzte.
Egitaraua:
- Etzi, irailak 8. 18:00etan Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna frontoian.
- Zapatua, irailak 11. 21:00etan kaleko zinema Elexaldeko plazan.
- Domeka, irailak 12.
- 13:00etan, Kabelinatxe taldearen ikuskizuna Elexaldeko plazan; euria eginez gero, frontoian.
- 16:30ean, Nabarnizko Esku Pilota Jaialdia.