Arrizabalak ezin izan du Antiguako Pilota Txapelketa irabazi
Donostiako txapelketako finalean 18-14 galdu du Laia Salsamendiren aurka. Hurrengo erronka Zornotzako Master Kaiola txapelketa da; irailaren 12an Leire Garairen aurka lehiatuko du finalerdia.
Erakustaldi bikaina eskainita, Olatz Arrizabalagak ezin izan zuen Laia Salsamendi garaitu Antiguako Pilota Txapelketaren finalean. Lehia estua izan zen zapatukoa, eta lau tantoko aldeagaz 18-14 gailendu zen pilotari nafarra.
Pilotari gernikarrari finala galtzeak pena eman dion arren, egindako lanagaz “pozik” dagoela dio: “Partidu oso ona izan zen. Teknikoki erakustaldia eskaini genuen, eta norgehiagoka detaile txikietan erabaki zen”.
Erasoan gogor hasi zuen lehia Arrizabalagak eta markagailuan 0-6 aurreratzea lortu zuen. Salsamendik eutsi egin zion eta partidua berdintzea lortu: “Nire jokoa eta sakea gelditu zituen, eta neukan abantaila galdu nuen”. Hortik aurrera, partidu borrokatua izan zen, eta azken txanpako tanto erabakigarrietan Arrizabalagaren huts egiteek erabaki zuten norgehiagoka: “Azken tanto erabakigarrietako batean txapara jaurti nuen pilota, eta besteren batean ez nuen aukerarik onena aukeratu. Detaile horiek erabaki dute finala”.
Hala ere, txapelketa “oso ona” jokatu duela dio: “Antiguako Txapelketa buruz buruko txapelketa garrantzitsuenetako bat da, ospe handia dauka, eta sentsazio oso onekin amaitu dut”.
Hurrengoa Zornotzan. Lehia ez da amaitu pilotari gernikarrarentzat, eta beste hitzordu bat dauka domekan. Zornotzako Masters Kaiolako finalerdia lehiatuko du Leire Garairen aurka. Partidu “gogorra” izango dela aurreikusi du: “Ni baino indar gutxiago dauka berak, baina defentsa lan ona egiten du. Partidu luzea izango da, berdindua”. Hala ere, ondo jokatuz gero irabazteko aukerak dituela uste du Arrizabalagak: “Dena ematera atera beharko gara”.