"Nire lanak maila nahiko ona duela jakiteak asko pozten nau"
Bermeotarraren 'Inhumano' lanak Florentziako Horror Show Festeko film laburrik onenaren saria jaso du, eta Sitgeseko jaialdian parte hartzeko aukeratu dute.
Inhumano zure azken lana film laburrik onena izendatu dute Florentziako (Italia) Horror Show Fest jaialdian. Zelan jaso zenuen albistea?
Ohetik altxatu berri jaso nuen albistea. Mezu bat iritsi zitzaidan ingelesez idatzita, irakurtzen hasi eta urduri jarri nintzen. Jakin banekien aukera bazegoela, jaialdirako aukeratu zutela banekielako, baina ez nuen inondik inora espero irabaztea. Gainera, banekien aurtengo Gorefest jaialdian jarri genuen film labur bat ere bazegoela aukeratuta, Sonrisas. Nire ikuspuntutik askoz ere profesionalagoa da, hortaz, gainetik geratzea izugarria izan da niretzat.
Zer nolako maila egon da jaialdian?
Egia esan, ez dakit zer esan. Ez dut jaialdia ondo ezagutzen, niretzako gauza berria izan da. Orain dela gutxi hasi naiz nire lanak jaialdi desberdinetara bidaltzen, hortaz, mundu hau nahikoa berria da niretzat. Sonrisas zen ezagutzen nuen bakarra, besteak herrialde desberdinetako film laburrak ziren.
Zelan mugitzen dituzu lanak?
Nik festhome plataformara igotzen ditut nire lanak. Hor daude jaialdi guztiak, eta hortik aukeratzen duzu lana nora bidali. Jaialdi batzuetan parte hartu ahal izateko zerbait ordaindu behar da, batzuetan apur bat eta beste batzuetan zertxobait garestiagoa izaten da.
Sitges: 54. Festival Internacional de Cinema Fantastic de Catalunya-n parte hartzeko ere aukeratu dute Inhumano.
Bai, oso pozik nago. Aurrerago, Futuro film laburra bidali nuen, eta ez zuten aukeratu, ematen du hau hobea dela. Ez naiz inoiz egon, baina Sitgeseko jaialdia oso ezaguna da. Hainbat filmetan ikusi daiteke Sitgeseko jaialdian estreinatutako filma dela jartzen duen zigilua. Europan eta baita mundu mailan ere, jaialdi ezaguna da. Nire film labur bat jaialdi horretan jarriko dutela jakin nuenean, asko poztu nintzen.
Noiz da jaialdia?
Urrian da, baina oraindik ez didate ziurtatu noiz jarriko duten Inhumano, urriaren 9an edo 10ean izango da. Ea zortea daukagun.
Ze espero duzu?
Ez dakit zeintzuk izango diren jarriko dituzten beste film laburrak eta, hortaz, ez dakit zer nolako maila egongo den. Italiakoaren ostean, hala eta guztiz ere, edozer gertatu daiteke. Izugarria izango litzateke, goi-goitik ospatuko nuke.
Film labur hau Spookypheria Productions elkartetik antolatzen dugun Gorefest jaialdiaren 20. urteurrenerako pentsatuta zegoen. Egin ez bazen ere, egiteke daukagu, ea noiz den posible.
Sariak onak izaten dira?
Begiratzen ibili naiz, eta ez dut inon aurkitu. Florentziako jaialdian ez zen dirurik egon sari modura, aintzatespena baino ez. Uste dut, hala ere, Italiakoa nahikoa jaialdi xumea dela, gure Gorefest jaialdia moduko zerbait. Niretzat aintzatespena nahikoa da, poz-pozik nago. Gutxi-gutxika pausoak ematen goaz, izena zabaltzen doa eta gure lana hemendik haratago mugitzen da. Mugitzeko aukera ematen dute horrelako jaialdiek, modu horretan ez da bakarrik lagunartean geratzen. Nire lanak maila nahikoa ona daukala jakiteak pozez betetzen nau.
Zelan eta noiz sortu zen Inhumano?
2019ko urrian sortu zen ideia, eta orduan egin genituen grabaketak. Film labur hau Spookypheria Productions elkartetik antolatzen dugun Gorefest jaialdiaren 20. urteurrenerako pentsatuta zegoen. Egin ez bazen ere, egiteke daukagu, ea noiz den posible. Ekintza berezia prestatu gura dugu horretarako. Bermeoko eta kanpoko zenbait zuzendarik grabatutako film laburren antologia bat sortu eta argitaratzea zen asmoa. Gorefest jaialdian aurkezteaz gain, DVD bat argitaratu gura genuen, eta 10 euroan salgai jarri. DVD horien salmentan ateratako dirua Eutsi Gogor Danak Batera elkartearentzat izatea pentsatuta geneukan. Koronabirusaren pandemiagaz dena geratu zenean, Inhumano mugitzen hastea eraba-
ki genuen.
Eta ze istorio kontatzen du Inhumano-k?
Ezin dut askorik kontatu, spoilerrik ez egiteko. Esan ahal dudana da istorioa aldatu egiten dela, ez da berdina zelan hasten den eta zelan amaitzen den gero. Busturialdean grabatuta dago, gainera, Arratzun, Mendatan eta Ereñon. 5 minutu eta 55 segundoko film laburra da.
Gehiago mugitzeko asmorik badaukazu?
Bai, aipatu dudan plataforma horren bidez leku gehiagotan izena eman dut, eta irailean hasi daiteke mugimendu gehiago. Mexiko, Brasil, Greziara… bidali dut, eta ea zortea dagoen.
Futuro film laburra ere nahikoa mugitzen ari da.
Bai, saririk ez du jaso, baina jaialdi batzuetarako aukeratu dute, eta mugitu egin da. Futuro 2014an grabatu genuen, baina 2018ko Gorefestean aurkeztu genuen. Istorio interesgarria kontatzen duela uste dut, eta pozik nago haren ibilbideagaz ere.
Pandemia garaia ondo etorri zait! Ez dakit inspirazio kontua izan den edo denbora gehiago izan dudala.
Zure lana etxean baino kanpoan gehiago baloratzen dela uste duzu?
Orain artekoa ikusita, baietz esango nuke. Baina aukeraketa egiten duenaren araberako gauza ere bada, bakoitzak bere iritziak eta gustuak dauzka.
Azkenengo urtea ona izan da zuretzat.
Hala da bai, Kameratoia ere ibarazi genuen Agur film laburragaz, gerora etorri dira beste aukeraketak eta Florentziako saria. Pandemia garaia ondo etorri zait! Ez dakit inspirazio kontua izan den edo denbora gehiago izan dudala.
Proiektu berririk ba al daukazu esku artean?
Printzipioz, ez. Bai gustatuko litzaidake Gorefestaren 20. urteurrena behar bezala ospatu ahal izatea. Argazkiak eginda daude, ia dena grabatuta… ia gauzak bere onera datozen. Film laburren bat edo beste grabatzeko ideiaren bat ere badaukat, baina hor dauzkat aparkatuta. Momentuz, Inhumano mugitzen jarraituko dut.