Jai giroa ekidin asmoz, Bermeoko Udalak kontrolak zorroztuko ditu irailaren 7 eta 16a bitartean
Bermeoko Udalak ez du inolako ekimenik antolatu, eta ez du baimenik eman ekitaldiak edo antzekoak burutzeko.
Bigarren urtez, ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ospatuko. Hala, Bermeoko Udalak herritarrei eta herriko establezimenduei arduraz jokatzeko eskatzen die.
Jai giroa ekidin eta osasun neurriak bete asmoz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako (Irailaren 7tik 16ra) Bermeoko Udalak ez du inolako ekimenik antolatu, eta ez du baimenik eman ekitaldiak edo antzekoak burutzeko. Herrian ekitaldiak antolatzeko ardura hartzen duten eragileek izan duten jarrera “ulerkorra” eskertu gura izan du udalak: “Guztion erantzukizuna da tamalez ospatuko ez diren jai hauetan jende pilaketak saihestu eta osasun neurriak errespetatzea. Garrantzitsua da jai girorik ez sortzea eta horretarako eragile guztiei arduraz jokatzeko deia luzatzen diegu. Elkarlanean jardun behar dugu, bide honetan guztiok elkarrekin goazelako, elkarlana funtsezkoa da”.
Era berean, herritarren lankidetza eskatu dute, “bide publikoetan edo leku itxietan edozein pilaketa saihesteko”.
Intzidentzia tasak gogora ekarri ditu Bermeoko alkate Aritz Abaroak, eta gogorarazi du Lekeitioren ostean, Bermeo dela Bizkaiko intzidentzia tasarik altuena duen herria: “Azken egunotako bilakaera hobera badoa ere, egun asko egon gara dozena bat gorako kasu positiboekin”. Gaur gaurkoz, 668,24 intzidentzia tasa dauka Bermeok.
Kezka agertu dute, gainera, beste herri batzuetan gertatu diren ekintzengatik, eta gertatutakoak gaitzetsi dituzte.
Egoera kontrolatzeko, irailaren 7tik 16ra bitartean, udalak “neurri zorrotzak” hartuko dituela jakitera eman du alkateak, bereziki, Arrantzale Egunean (irailak 9) eta asteburuetan (irailak 10, 11, 17 eta 18). Udaltzaingoagaz eta Ertzaintzagaz elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatuko dute. Horretarako, aipatu du Udaltzaingoaren patruilak bikoiztu egingo direla, “kaleko presentzia eta kontrolak handituko dituzte”.
Kale zurruta “guztiz debekatuta” dagoela gogora ekarri du Bermeoko alkateak. Hala eta guztiz ere, horiek ez emateko kontrolak “zorroztuko” dituztela aipatu du. Batetik, adingabeei alkoholik ez saltzea kontrolatuko dute supermerkatu inguruetan; eta, bestetik, kale zurruterako aproposak izan daitezkeen guneetan kontrolak areagotuko dituzte. Are gehiago, Pergola eta Araneko kiroldegi aurreko aparkalekuetan ezingo da autorik aparkatu irailak 9, 10, 11, 17 eta 18ko 23:00etatik 06:00etara.
Ostalariei ere gogorarazi die neurriak “zorrotz” bete behar direla. Bete beharreko neurriak zeintzuk diren zehazteko tabernaz taberna informazioa ematen joango direla esan du, eta “kontrol aleatorioak” egingo dituztela jakitera eman du, “neurriak betetzen diren ikusteko”. Ildo beretik, ostalaritza establezimenduei eskatu die jai girorik ez bultzatzeko.
Gazteen lokalak zarratuta egon behar badira ere, horietan ere kontrolak egingo dituztela iragarri du.
Txoko edo elkarte gastronomikoak ere aipatu ditu alkateak, eta neurriak betearazteko deia egin du; hala ere, “ahal den neurrian” egun horietan ez erabiltzeko deia egin du.
Zabor-bilketa eta Bermibus zerbitzuak ohiko moduan eskainiko direla esan du Abaroak, “ez jai egunetan gauzatzen diren moduan”. Aipatu zerbitzuak, beraz, normaltasunez arituko dira.