Busturialdeko pentsiodunak astelehenean bueltatuko dira herrietako plazetara
Irailaren 6an asteleheneroko udalerrietako elkarretaratzeekin hasteko deia egin du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, eta dei horregaz bat egingo dute Busturialdeko pentsiodunek. Hala, Gernikako Foruen plazan eta Bermeoko Goiko plazan batuko dira pentsiodunak 12:00etan.
Bertoko pentsiodunen elkarretaratzeetan uda aurretik gaur arte Osakidetzak eskualdeko herrietan zerbitzuak murriztu izana salatuko dute: “Zuzen-zuzenean zailtzen dute adineko pertsonen egoera”. Osasun zerbitzuetako murrizketekin amaitzeko eskatzeaz gain, aurrez aurreko kontsultak berriro ezartzea eskatuko dute. Gernikako ospitaleko hirugarren solairua oheekin betetzea ere aldarrikatuko dute oraingoan.
Halaber, Gizarte Segurantzako sistema publikoak bermatu beharreko “pentsio publiko duinak eta nahikoak” eskatzen jarraituko dute ikasturte berrian ere. Izan ere. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako akordioaren ostean “pentsioen murrizketak larriagotu” egingo direla uste dute. Horrez gainera, argindarraren prezioaren igoera salatuko dute, “energia elektrikoaren, gasaren eta horien deribatuen eskandaluzko igoerak bizi-kostuaren igoera oso handia dakarrelako”.
Banketxeetako zerbitzuen murrizketak, sukurtsalen eta leihatilen itxierak, komisioen igoerak… salatzeko ere kalean egongo direla diote.