Agur beroa musikaz jantzitako udako iluntzeei
Astra Iluntzeekin Astra arnasgunerako eta kulturarako espazio izatea bilatu dute eta jendearen erantzuna ona izan dela ondorioztatu dute.
Euriagaz zein aterri, musika talde, bakarlari zein bertsolariek girotuta. Hala joan dira uztaileko eta abuztuko eguaztenak Astran. Musika eta janari artean egoteko ohitura hartu dute herritarrek, eta joan den asteko Nerea Valleren kontzertuagaz agurtu zituzten aurtego Astra Iluntzeak.
Eguraldiak lagundu ez badie ere, jendearen erantzuna “ona” izan dela ondorioztatu dute antolatzaileek. “Ekitaldi asko barruan egin behar izan ditugu eta, hala ere, artistak oso gustura egon dira eduki duten harreragaz”, adierazi dute.
Vallez gain, beste zenbait artista igo dira aurten Astrako oholtzara. Trikoma taldea izan zen eguazten iluntzeak girotzeaz arduratu zen lehendabiziko musika taldea, eta Desgaraian taldeak eman zion jarraipena. Eraso eta Biren taldeek ere doinuztatu zuten kulturarako fabrika soziala uztailean, eta, suTAM izan zen abuztuko lehena. Aberehek jarraitu zion, eta bertsolariak izan ziren protagonistak gero.
Eutsi Ederrenari aroak ekarri zuen jende olatu handia eta gero, udan giroa lasaitzea espero zuten antolatzaileek, baina kulturarako fabrika sozialera kuadrilla ugari hurbildu direla aitortu dute: “Azpimarratzekoa izan da aurpegi berriak ikusi direla Astran”.
Elkarlana eta auzolana bultzatuz, herriko eragile desberdinek antolatutako ikuskizun desberdinekin gozatzeko aukera izan dute udan Astrara bertaratu direnek. Joan den asteko kontzertua Busturialdeko Neska* Gaztiek antolatu zuten, baina beste hamar eragilek ere parte hartu dute aurtengoan: Astrako irratia, Gernikako rudelari taldea, Metal Fabrika ekimena, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea, Gernikako Sare, Lilibertso, Egurre, Astrako Swing taldea eta Astrako egitarau lan taldea. Argi dute autogestioz eta elkarlanean iluntzeak edertuz jarraitzea dela bidea. “Herri mugimenduen lanagaz eta elkarren artean saretzen eta zaintzen jarraitzea da asmoa”, diote.
Gainera, Astra arnasgunerako eta kulturarako espazio izatea bilatu dute: musikari eta teknikarientzako plaza, talde gazteentzako bozgorailua, elkar ezagutzeko espazio erosoa, herritarrengandik eta herritarrentzat sortutako proposamena, aukera eta diziplina desberdinekin osatutakoa eta Gernika osora zabaldu gura dena.
Orain, Astra Iluntzeak atzean utzi, eta kurtso berrira begira jartzeko gogoz daude Astrako kideak.