Urdaibaiko Mahasti Artean jaialdiak egitarau zabala prestatu du astebururako
Bizkaiko txakolina, musika, gastronomia, kultura eta natura uztartzeko antolatu duten jaialdia da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotza aukeratu dute Mahasti Artean jaialdiaren bigarren aldia egiteko. Asteburu honetarako antolatu dute jaialdia, eta eskualdeko leku “bereziak” aukeratu dituztela azaldu dute jarduera desberdinak egiteko.
Bizkaiko txakolina, musika, gastronomia, kultura eta natura uztartu asmoz, egitarau zabala prestatu dute. Hala eta guztiz ere, jarduera guztiak beteta daudela jakitera eman dute antolatzaileek.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak antolatu dute jaialdia. Azaldu dutenez, lehenenengo jaialdiaren “esperientzia positiboa” ikusita, egitarau “erakargarria” antolatu dute aurtengo hitzordurako. Horregatik, uste dute, ikusleen “erantzun bikaina” jaso dutela.
Honako lekuak aukeratu dituzte jaialdia egiteko: Busturiko Amunategi, Muxikako Berroja eta Gernika-Lumoko Itsasmendi upeltegiak, Urdaibaiko Ekoetxea eta Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Center.
Jesus Mari Lazkano margolariaren estudiora bisitak, Maren eta Xabi Solano & Zigor DZ abeslarien kontzertuak, upeltegietara bisitak, dastaketak, showcookingak, hegaztien behaketa, yoga saioa, ibilbideak… daude aukeran.
Gainera, Gernika-Lumoko 15 taberna eta jatetxek pintxo lehiaketa batean parte hartuko dute. Kontsumitzaileen artean bi lagunentzako bost txakolin-sorta eta bost esperientzia gastronomiko zozkatuko dituzte.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “zorrotz” beteko dituzte COVIDen aurkako neurriak.