Bizkaiko jaunaren bidean
Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak antolatu ditu Irailaren 17, 18, 19, 25 eta 26rako. Parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du.
Bizkaiko Jaun izateko, hautagaiak foruen zina egin behar zuen hainbat lekutan. Batetik bestera joateko egiten zuen bidei Zin-bidea legez ezagutzen da, eta, Bizkaiko F oru Aldundiaren eskutik, garai bateko jauntxoek egiten zuten ibilbidea ezagutzeko aukera izango da irailean. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ibilbide Historikoak programaren baitan antolatu dituzte irteerak.
Hain zuzen, bisita gidatuaren formatua izango dute, eta Gernikako arbolatik haratago, Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen lekuetatik ibilbidea egitea proposatzen du.
Aldundiak berak azaldu bezala, zin egite hori ekitaldi solemnea eta funtsezkoa zen, eta garrantzi handia izan zuen garai batean erregeren eta bizkaitarren arteko harremana adosteko eta oinarritzeko, eta ekitaldiaren ospeak bizirik iraun du denboran zehar, gure Lurralde Historikoaren berezitasuna definitzen lagunduz. Beraz, bide horrek garai batean izan zuen garrantzia eta bere historia ezagutzeko parada izango dute bisita gidatuetan parte hartzen dutenek.
Irailaren 17an, 18an, 19an, 25ean eta 26an egingo dituzte. Zehaztu dutenez, 17an, 18an eta 19an bisitak oinez egingo dituzte, eta 25ean eta 26an autobusean. Parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du, 688.856.689 telefono zenbakiara deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikora mezua bidalita. Informazio gehiago gura duenak ere bi bide horiek ditu eskura.
Zin-bidearen bisita gidatuek, batez ere, bi helburu nagusi dituela azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Batetik, bertoko historia ezagutzera ematea eta bestetik, espezifikoagoa dena, Bizkaiko Foruen muinean murgiltzea, Euskal Herriko kudeaketa politikoan aplikatzeko mekanismo batzuk ulertzeko.
Bilbon hasten zen garai bateko zin-bidea, Bermeoraino heltzen zena. Gernika-Lumo zuen erdigune. Egingo diren bisitetan Foruen zina egiten zen toki eta monumentuak bisitatuko dituzte herritarrek.