Berdintasunerako IV. Plana onartu du Gernika-Lumoko Udalak
2020-2024 eperako planean emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren berdintasu politikak txertatzeko konpromisoa jasotzen da.
Emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta udalerriko emakumeen arazoak eta beharrak identifikatu eta horiei erantzuna emateko helburuan beste pauso bat eman du Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, 2020-2024 eperako Berdintasunerako IV. Plana onartu du. Plan horretan, udalak emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren berdintasu politikak txertatzeko konpromisoa hartu du.
Berdintasunerako IV. Plana duela urte eta erdi hasi ziren garatzen, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean oinarrituta. Onartu aurretik udalerriko hainbat gizarte eragileren, politikariren, udal teknikariren eta autonomia erakundearen parte hartzea izan du planak, “arlo horretan dauden beharrizanak eta interes guneak aztertu baitituzte elkarregaz”. Irati Martinez Aguirrezabala Berdintasunerako udal zinegotziak talde eta eragileen parte hartze “handia” eta inplikatutako horien arteko “adostasuna” nabarmendu ditu: “Konpromiso hori funtsezkoa izan da plan berri hau garatzeko, inplikatutako eragile guztien adostasunaren eta parte hartzearen ondorioz sortu baita”.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren egitura lau ekintza maila nagusitan oinarritzen da. Alde batetik, gobernu onaren beharrean sakondu du, “administrazio publikoaren funtzionamenduan berdintasuna txertatzeko”. Gainera, emakumeak eremu guztietan ahalduntzea azpimarratzen du, baita ekonomia eta gizarte antolamendua eraldatzea ere. Aldaketa horiekin emakumeen eskubideak bermatzeko eta gizarte-eredu iraunkorra lortzen laguntzea da helburua. Estrategia berriak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak ere sustatzen ditu, biziraun duten biktimentzako prebentzioa eta arreta osoa landuz.
Horrez gainera, hurrengo estrategiak aurreikusi dituzte plana garatzeko: genero zeharkakotasunerako estrategia; baliabide ekonomikoak eskuratzeko berdintasunerako eta erantzukidetasunerako estrategia; indarkeria matxista eta genero indarkeria aurreikusteko eta desasgerrarazteko estrategia; eat aukera eta tratu berdintasuna sendotzeko estrategia.
Zerbitzu osatua. Berdintasunerako planaz gain, udalak badauka berdintasun zerbitzu bat. Zerbitzu horren bitartez, emakumeei arreta psikologikoa eskaintzen die eguenetan eta barikuetan, 09:30etik 14:30era bitartean. Horrez gain, Artekale 8 zenbakiko eraikineko hirugarren solairuan dagoen bulego teknikoan emakumeei eskubide sozialei eta prestazioei buruzko informazioa ematen diete astelehenetik eguaztenetara, 08:00etatik 14:30era.
Berdintasunerako laguntza Zerbitzua Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz koordinatzen da, eta genero desberdintasunei buruzko sentsibilizazio lanak egiten ditu, baita udalerriko eskolentzako hezkuntza planak ere. “Lan horiekin adingabeak eta gazteak jokabide matxistak eraiztearen garrantziaz sentsibilizatzea bilatzen dute”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalak nabarmendu du Gernika-Lumoko Berdintasun Kontseilua eta Berdintasun Plana koordinatu egiten direla: “Udal arlo horretako arduradunek aholkularitza, laguntza, bideratze eta kudeaketa lanak egiten dituzte, berezko prestazio ekonomikoak edo gobernuko beste arlo batzuenak kudeatzeko, bai eta emakumeentzako aldi baterako harrera baliabideak ere; hala nola, harrera-etxeak eta tutoretzapeko etxebizitzak”. Laguntza hori 34 625 70 90 telefono zenbakira deituta ere eskaintzen dutela adierazi dute.