‘Ura bere bidean’ izeneko musika proiektu berritzailea garatu dute
Gaurko zein iraganeko hamalau musika talderen abestiak interpretatu eta ikus-entzunezkoak grabatu dituzte, tartean Gatiburena.
‘Ura bere bidean’ izeneko musika proiektu berezi bat abiarazi du Fair Saturday fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzagaz. Euskal artista ezagunek bat egin dute tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen proiektu musikal berritzailean, tartean Gatibuk.
70eko hamarkadatik gaur egunera arteko abestien ikus-entzunezkoak grabatu dituzte euskal artistek, Fernando Velazquezek Getxoko konpositore ospetsuak zuzenduta. Fair Saturday fundazioak kultur sorkuntzaren balioa aitortu gura izan du proiektuagaz: “Funtsezkoa da kultur sorkuntzaren balioa aitortzea, eta berria sortzea“. Pandemiak sektore ugariri eragin die, bereziki kulturari, eta euskal kultura aldarrikatu gura duen proiektua dela honakoa adierazi du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Proiektuaren emaitza Gatibu, Zea Mays, El Drogas, La Oreja de Van Gogh, Hertzainak, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Olatz Salvador, Huntza, Sua, Ma Mu edo Idoia artistek sortutako kantuen 14 ikus-entzunezko dira, Bilboko Orkestra sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera. ‘Ura bere bidean’ proiektua topagune bat ere badela diote: “Dena azkar gertatzen den garai honetan, modak gainjarri egiten dira eta nondik gatozen ahazteko arriskua dago. Parte hartzen duten hamalau artistek omenaldia egiten dute eta errespetuz berrinterpretatzen dituzte beraientzat bereziak diren kantu eta gaiak. Proiektua belaunaldi, estilo eta sentsibilitateen topagune zirraragarria da”, adierazi du foru diputatuak. Izan ere, erreferente diren kantuak kantatu eta gaurko artisten eta kantuen transmisioa bermatzea bilatu dute proiektuagaz. Gatiburen kasuan, Zoramena kantua da interpretatzen dutena.
Proiektua “berritzailea” ere bada. Izan ere, abesti bakoitzaren bideo-pieza “zirraragarriak” egin dira, eta proiektua 360º-tan grabatu da; ezaugarri horiek dituen Europako lehen proiektua da. “Entzuleentzako murgiltze-esperientzia ahalbidetzeko eta etorkizunerako bide berriak irekitzeko egin da”, azaldu dute. Aldi berean, esperientzia pilotu bat abiaraziko dute, 25 pertsonako talde txikietan, ‘Ura bere bidean’ abestiaren gaiak errealitate birtualeko betaurrekoekin gozatu ahal izateko.
Proiektu honen emaitza ikusgai dago, eta astean abesti bat estreinatuko dute fsnext.org-en harpidedun digital gisa. Zailtasun guztiak gorabehera, eta osasun-baldintzek horretarako aukera emanez gero, proiektuan parte hartzen duten artistak abenduaren 10ean eta 11n elkartuko dira Bilbao Arenan, azken hilabeteetako kontzertu berezi eta esanguratsuenetako bat eskaintzeko.