Ruben Gonzalezek irabazi du San Bartolome Sari Nagusia
Mendiko Saria Lizarte taldeko Raul Rotarentzat izan da, eta tarteko helmugako sailkapenean haren taldekide den Eugenio Sanchez nagusitu da.
Esprintean erabaki zen San Bartolome egunez, abuztuaren 24an (martitzena), lehiatu zuten 70. San Bartolome Sari Nagusia.
36 txirrindulariko taldea bi ordu, 34 minutu eta hemeretzi segundotan helmugaratu zen, eta Baque Team taldeko Ruben Gonzalez Marquezentzat izan zen garaipena. Laboral Kutxa-Fundacion Euskadiko Xabier Isasa Larrañaga eta Lizarteko Javier Ibañez Beltran de Salazar txirrindulariek osatu zuten podiuma.
Mendiko Saria Lizarte taldeko Raul Rotak bereganatu zuen; Mendatan (84.km) Lizarte taldeko Pablo Castrillok lortu zituen puntu gehien, eta Bizkaiko Begiratokian (94.km), berriz, Rotak.
Tarteko helmugako sailkapenean horien taldekide den Eugenio Sanchez nagusitu zen. Hain zuzen ere, Lizarterentzat izan zen taldekako saria.