Funtzionaltasuna eta iriste erraztasuna oinarri hartuta berrituko dute Gautegiz Arteagako herriko plaza
Lehiaketara aurkeztutako hamar proposamenen artean, TOPA izenekoa izan da aukeratua. Proposamen irabazleak egungo plazaren zatiketagaz amaituko du, dena espazio bakar batean integratzeko.
Gautegiz Arteagako herriko plaza berritzeko diseinua aukeratu dute. Lehiaketara aurkeztutako hamar proposamenen artean, TOPA izenekoa izan da aukeratua. Epaimahaiaren gehiengoaren botoak ez ezik, Gautegiz Arteagako herritarrek egindako herri bozketan ere gailendu da diseinua. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, “garrantzi handiko proiektua” da, funtzionaltasuna, iriste erraztasuna eta edertasuna zaintzen dituena.
Juan Felix Naberan herriko alkateak dio udalerriak “aspalditik” duela herriko plaza eraberritzeko premia, eta harro dago proiektua martxan jartzeaz: “Benetan pozik gaude proposamen irabazleagaz, gure eskakizun eta behar guztietara egokitzen delako. Proiektuak gure herriko plaza aparteko leku bihurtuko du, irisgarria, oztopo arkitektonikorik gabekoa eta auzoar guztiek euren lekua izango dutena”.
Proposamen irabazleak egungo plazaren zatiketagaz amaituko du, dena espazio bakar batean integratzeko. Espazio “atsegina, segurua eta erabilera askokoa” izango dela aurreratu dute Jon Beristain Mitxelena eta Mikel Mugika Insausti arkitekto donostiarrek.
Plazaren beheko aldean estalitako gunea egongo da, kultur etxearen sotoan sartzeko sarbidea izango duena. “Jardueraren erdigunea izango da, topalekua, eguraldi txarretik babestutakoa”, adierazi dute arkitektoek. Estalki hori egiteko egitura “oso arina” aukeratu dute, “kurbadura bikoitzagaz tenkatutako ehunagaz”. Horrez gainera, haurrentzako jolasgunea ere izango du herriko plazak, baita kultur ekintzak edota ekitaldiak egiteko gune bat ere.
Ibilgailuentzako aparkalekuak eta elbarrientzako lekuak ere izango ditu plazak, baina, gaur egun bertan dagoen autobus geltokiariaren kokalekua aldatuko dutela jakinarazi dute udal arduradunek, “leku lasaiago batean kokatzeko”.
10 proposamen. Guztira hamar proposamen aurkeztu ziren udalaren lehiaketara, eta alkateak onartu du proposamenek “harritu” egin zutela. “Oso harrituta gaude aurkeztutako proiektuen kalitateagaz. Asturiasko, Galiziako, Valladolideko, Soriako, Bilboko, Hondarribiko, Leioako eta Malagako arkitektura estudioetatik jaso ditugu. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman gura dizkiegu, egindako lan bikainengatik”. Hori esanda, aukeratutako proiektua “ederra” dela adierazi du: “Ez ditu soilik udalaren eskakizun guztiak betetzen, herritar eta epaimahaikideak liluratu dituen estetika dauka”.
Gehienez bi hilabeteko epean ebatziko da lehiaketa, eta egoera epidemiologikoak uzten duenean, ekitaldi publiko batean hiru proiektu finalistak saritu gura dituzte. 3.500 euroko saria jasoko du TOPAk, eta 2.500 euro eta 1.500 euro jasoko dituzte bigarrenak eta hirugarrenak. Hain zuzen, Jose Manuel Usabiaga Gomezen eta bere taldearen lanak (Asturias eta Galizia) eta Ruben Arranz Moreno eta bere taldearen lanak jasoko dituzte sariak hurrenez hurren.