Euskal Herriko Segalari Txapelketa hartuko du Muruetak
Domekan [abuztuak 29] 11:30ean hasita lehiatuko dute.
Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatuta, 2021eko Euskadiko Sega Txapelketa lehiatuko dute domekan [abuztuak 29], Muruetan. 11:30ean hasiko dira lanean Kamiñoko Jatetxearen atzeko belardian.
Xabier Zaldua Alberdi, Julen Gabirondo Izeta, David Mariñelarena Saralegi, Jon Otegi Odriozola eta Mikel Lizartza Colomo segalarien artean erabakiko da aurtengo txapelduna.
Ordubete izango dute ahalik eta eremu handiena mozteko. Bakoitza aritu beharreko belardi-tartea zozketa bidez erabakiko da.
Sarrerak 10 euro balio ditu. Euskal Telebistak 23:00etatik aurrera eskainiko du txapelketa.
Herri kirol mota honek behar duen laguntza eta babesa azpimarratu zituen Lizartzak atzoko aurkezpenean: “Aspaldiko urteetan, pixkanaka-pixkanaka ezkutatzen doan herri kirola da, eta orain ez badiogu bultzada txiki bat ematen galtzera doa”.