Eguzkik salatu du Busturialdeko Ur Partzuergoak Mape erreka ur barik utzi duela
Gogorarazi dute, gainera, ez dela arazo puntual bat, "kronikoa baizik, urtero edo ia urtero errepikatzen dena".
“Emari ekologikoa errespetatu barik” Busturialdeko Ur Partzuergoak Busturiko Mape errekatik ura hartu duela salatu du Eguzki talde ekologistak; “behin baino gehiagotan” egin duela aipatu dute. Ondorioz, erreka lehortu egin dela diote.
“Legez kanpoko ekintza hori ingurumen-eraso oso larria da. Kontuan izan behar da Mape Urdaibaiko Ibai Sareko parte dela, eta sare hori Europako Batasuneko leku garrantzitsua dela; hau da, Biosfera Erreserba osatzen duten Natura 2000 Sareko guneetako bat dela”, azaldu du talde ekologistak.
Gogorarazi dute, gainera, ez dela arazo puntual bat, “kronikoa baizik, urtero edo ia urtero errepikatzen dena”. Diotenez ez da Mapen bakarrik gertatzen, baita inguruko beste erreka batzuetan ere: “Udan, ura urriago denean, eta ur-eskariak, aldiz, gora egiten duenean, Partzuergoak Mapera eta beste erreketara jotzen du Busturia, Mundaka eta Sukarrietako ur-hornidura osatzeko. Gainera, erreketatik ura hartu aurretik, ur-biltegiak garbitu ohi ditu, eta garbiketa horietatik ateratako lohiek ibilguan amaitzen dute, arazo ekologikoa areagotuz”.
Eguzkikoen arabera, auzokoek behin eta berriz salatu dute aipatu erasoa, eta zeresana duten erakunde guztiek horren berri badaukatela adierazi dute: “URA agentziak, emari ekologikoa ez errespetatzeagatik 2018an Partzuergoari isun txiki bat jarri zion (1.500 euro)”.
“Erakundeek argudiatu dute Busturiak, Mundakak eta Sukarrietak udan dituzten hornidura-arazoak behin betiko konpontzeak kostu handia duela. Beharbada. Baina harrigarria ere bada Guggenheim bezalako proiektu batean Urdaibain milioi pilo bat inbertitu daitekeela esaten ibiltzea, eta, aldi berean, oinarrizko zerbitzua den ur-hornidura behar bezalako bat bermatzeko arazo ekonomikoak daudela esatea”.
Eguzkiren ustez, Mapen eta inguruko beste erreka batzuetan “behin eta berriz eta modu nabarmenean urratzen ari da” legeak emari ekologikoei buruz ezarritakoa. Horien ustez, delitu ekologikoa izan daiteke, horregatik, espresuki ikertzeko eskatu dutela azaldu dute.