Astelehenean bilduko da berriro LABI aholku batzordea
Sagarduiren esanetan, egoerak hobera egin duen arren, ez du islarik ospitaleetako okupazioan eta ZIUetan. Hiru helburu zehaztu dituzte neurriak moldatu ahal izateko.
LABI aholku batzordea astelehenenan bilduko da berriro, neurriak mantendu edo moldatzea erabakitzeko. Egoerak hobera egin duen arren, hiru helburu zehaztu dituzte neurrietan aldaketak eman ahal izateko: kurba epidemiologikoaren joera beheranzkoa izatea aurrerantzean ere, birusaren aldaera berriak kontrolpean izatea eta txertaketa ahalik eta hedatuena egotea, biztanleria osoa immunizatzea helburu.
«Ondo goaz”- adierazi du Sagarduik-. “Aldaketa esanguratsuak egon dira bilakaera epidemiologikoaren adierazleetan uztailaren amaieratik: azken olatuaren puntu gorenetik”. Halere, aipatu du joeraren aldaketak ez duela islarik izan ospitaleetako okupazioan eta ZIUetan.
Txertaketari dagokionez, Sagarduik jakinarazi zuen ikasturtea hastear den honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %56k txertoaren pauta bukatu gabe dutela, eta Osasun Sailak SMSak bidali dizkiela ordurik edo txertorik hartu ez duten 12 eta 24 urte bitarteko gazteei. Irailaren 13ra arte 74.000 ordu baino gehiago daude libre, eta «ahalik eta jende gehienari» zabaldu zion txertorako ordua hartzeko deia.
Kasu positiboek beherantza. Egoera epidemiologikoari dagokionez, Busturilaldean ere behera egin du kasu positiboen kopuruak. Azken orduetan 17 kasu berri atzeman ditu Osakidetzak. Gernika-Lumon 9 zenbatu dituzte, 7 Bermeon eta 1 Busturian. Eskualdeko 20 herrietatik inzidentzia-tasa altuena du Bermeok (869,31) eta 400dik gora dago Gernika-Lumo ere (589,01).