Arrizabalaga Plazaz Plaza txapelketaren finaletik kanpo geratu da
Arrizabalagak eta Mendiburuk 19-22 galdu dute Salsamendiren eta Orbegozoren kontrako finalerdia. Txapelketa "oso gustura" amaitu du pilotari gernikarrak, eta txapelketan Mendiburuk eta berak partidu "oso onak" jokatu dituztela azpimarratu du.
Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk finalerdietan agurtu dute Plazaz Plaza txapelketa. Atzoko [abuztuak 26] finalerdian lehiatu estua eduki zuten Laia Salsamendigaz eta Oihana Orbegozogaz, Etxauriko plazan, eta 19-22 nagusituta horiek lortu zuten biharko finalerako txartela.
Finalerdiaren irakurketa egiterakoan, bi bikoteen artean alde gutxi egon zela adierazi du aurrelari gernikarrak. Pare-parean ibili ziren: “Atzoko partidua oso ona izan zen, borrokatua, markagailuak erakusten duen moduan. Eurak merezimendu osoz irabazi zuten. Tanto garrantzitsuenetan, giltzarri izan ziren azkenengo horietan nekea igarri zen. Hor hiru tanto nahikoa erabakigarriak joan zitzaizkigun”.
Arrizabalagak “oso gustura” amaitu du txapelketa. Lehenengoz jokatu du Mendiburugaz, eta primeran bat egin dutela dio. Txapelketan egindako lanagaz “harro egoteko” moduan daudela deritzo: “Ez nekien zelan jokatzen zuen, eta oso ondo ulertu gara kantxa barruan. Uste dut bikote oso ona egin dugula. Oso gustura egon naiz beragaz, eta uste dut egin ditugun partidu guztiak oso onak izan direla”.
Udan etenik barik jokatzen ari da gernikarra, eta irailerako agenda ere beteta dauka. Lau t’erdian ditu hurrengo bi hitzorduak. Datorren astean Donostian ariko da, Antiguoko Txapelketan. Irailaren 1ean (eguaztena) lehiatuko du finalerdia Miriam Arraiza donostiarraren kontra. Irabaziz gero, irailaren 4ean jokatuko luke finala.
Iazko irabazlea da Arrizabalaga, eta “gogotsu” dago: “Txapelketa oso polita izaten da, giro itzela egoten da Antiguoko frontoian, eta uste dut pilotari guztiontzat txapelketa oso berezia dela. Polita izango litzateke berriro txapel hori lortzea”. Gernikarra da finalerdiko faboritoa, “normal jokatuz gero, irabazteko partidua” dela zehaztu du: “Berak etxean jokatzen du eta frontoia oso ondo ezagutzen du, baina orain dela gutxi hasi da gugaz jokatzen, eta kasu honetan esperientzia baliogarria izango da. Serio jokatuz gero, partidua aurrera ateratzeko moduan nago”.
Ondoren, Zornotzako Master Kaiola txapelketa lehiatuko du. Irailaren 12an jokatuko du finalaurrekoa, baina oraindik ez daki nor izango duen aurkari. Izan ere, txapelketa lehiatzen dabiltza, baina Arrizabalaga zuzenean sartuko da finalerdietara.