"Oinarri teorikoetatik abiatuta proposamen politikoak egingo ditugu"
Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideak dira Ramos eta Ondarza, eta gizartean "orokortu" den babesgabetasun egoeran sakontzeko udako kanpaina abiarazi dute; oinarri teorikoetatik abiatuta proposamen politikoak eguneratuko dituzte.
Babesgabetasun egoera ardatz duen udako kanpaina bat abiatu duzue Busturialdeko Kontseilu Sozialistatik, zergatik?
Ane Ramos: Babesgabetasun egoera orokortzen ari da gizartean, eta horren aurrean antolakuntza politiko baten beharrizana dagoela uste dugu. 2008ko krisi ekonomikotik gaur egunera arte, krisi etengabe batean murgilduta gaude, eta krisiaren ondorioak sufritzen dituztenak gero eta gehiago dira. Babesgabetasun egoera orokortu horrek sistema kapitalistaren krisiari erantzuten dio, eta guk sistema kapitalista bere osotasunean borrokatzeko gaitasuna izango duen antolakuntza bat bultzatzen dugu. Hori da langileriaren antolakuntza komunista, sistema kapitalistari bere osotasunean aurre egiteko gai izango dena, ez banakako adierazpenei eta arazoei bakarrik.
Iker Ondartza: Krisi kapitalista burgesiak aurrera eramaten duen berregituraketa ekonomiko bezala ulertzen dugu. Horretarako beharrezkoa zaizkion aldaketa sozial eta kultural batzuk aurrera eramaten ari direla ikusten dugu, kasu batzuetan pandemiaren aitzakiapean, eta hori langile klasearekiko ofentsiba bezala ulertzen dugu.
Burgesiak pandemiaren aitzakipean jarritako neurriak mantendu gura dituela diozue?
A.R.: Sistema kapitalistaren krisia ez da pandemiagaz sortu, lehendik dator. Izan ere, sistema kapitalistari berezkoa zaio krisiak bizitzea. Sistemak, aldiro aldaketa batzuk gauzatu behar ditu aurrera jarraitu ahal izateko, eta krisia da hauek ezartzen diren garaia. Koronabirusa medio, aldaketa horiek inposatu ahal izan dituzte forma zuzen batean. Bestela, ERE eta ERTEn orokortzea zein askatasunen ezabapena asko kostatuko zitzaion. Baina pandemia egoeran egonda hori inposatu ahal izan dute. Ulertzen da denon ongizateagatik onartu egin behar direla hainbat eta hainbat neurri, baina batzuek ez dute zerikusirik osasunagaz ez osasun zerbitzuak indartzeagaz, krisiaren berregituratze hori ahalbidetzeagaz baizik.
Berregituratze horrek gizartea proletarizatu egiten duela diozue.
I.O.: Berregituratze ekonomikoak klase ertainaren bloke politikoari ere eragiten dio. Aurreko fase historikoan klase ertain hori egituratzeko baldintza zehatz batzuk eman ziren Mendebaldeko Europan, hala nola hazkunde ekonomiko handia eta langile mugimendu indartsuen presentzia. Gaur egun baldintza horiek amaitu egin dira, eta klaseen arteko polarizazio baten bidez klase ertain hori pobretzen ari da. Horrela ulertzen dugu gizartearen proletarizazioa.
A.R.: Klase ertaina guk bloke politiko modura ulertzen dugu, ez klase sozial modura. Burgesiaren beheko geruza eta langileriaren goiko geruza biltzen dituen blokea hartzen dugu klase ertain modura. Klase sozial desberdinetakoak dira baina interes komun batzuen baitan antolatu izan dira orain arte, ongizate estatuen barruan. Baina, orain, ekoizpenaren berregituratze ekonomiko horren bidez langileriaren gaineko esplotazio tasa handitu egin da, eta langile aristokraziaren bizi baldintzak kaltetzen ari dira, klase ertain hori polarizatuz. Batzuk lortzen dute euren egoera hobetzea, baina gehiengoaren bizi maila murrizten ari da eta babesgabetasuna hazten ari da. Proletarizazio prozesua hori izango zen, zeinak gizartearen zati handi bateri eragiten dion.
I.O.: Klase ertaina desintegratzen ari da. Lehen oso zabala zen eta jende asko barnebiltzen zituen bloke politikoa zen, baina honen polarizazioaren bidez kapa zabal baten bizi baldintzak okertu egiten dira eta proletariotza gero eta handiagoa bihurtzen. Hau da guk azaleratu eta problematizatu nahi duguna. Pobretze eta bizi mailaren galera hori ikusten dugu zerbitzu publikoen murrizketetan, lan kaleratzeetan, bizitzeko oinarrizkoak diren elementuen garestitzean… Horrek denak gero eta jende gehiagori eragiten dio, eta garrantzitsua iruditzen zaigu seinalatzea mahai gainean dauden proposamen politikoak huts egin dutela. Klase ertainaren interesen alde jokatzen duten alderdi sozialdemokrata edo sindikatu burokratizatuek kanpoan utzi dituzte proletargoaren interesak, eta klase independentziaz antolatutako mugimendu baten beharrean berresten gara. Langileria antolatua da, osotasunean, bere interesak defendatuko dituena.
Egoera horren aurrean, udan zer egingo duzue?
A.R.: Gure asmoa da orain arte langile mugimenduak izan dituen antolakuntzarako eta babeserako tresnak aztertzea, ikustea zein garapen izan duten historian zehar, eta zeintzuk izan diren euren mugak. Izan ere, azterketa kritiko horretatik proposamen politikoak eguneratzea eta gaur egungo errealitatera egokitzea da asmoa, gure defentsarako beharrezkoak diren elementuak zehaztu ahal izateko. Izan ere, errealitatearen analisia egin behar dela uste dugu, errealitatea den moduan ezagutu behar dugula uste dugu, eta ezaguera horretatik eta oinarri teoriko horietatik abiatuta proposamen politiko bat egin behar dela uste dugu.
I.O.: Proposamen hori, langile klasearen antolaketa independente baten bidez egin behar dela deritzagu.
Azterketa teoriko hori Busturialdera egokituko duzue?
A.R.: Gizartean gertatutakoa aztertuko dugu, ez Busturialdean emandako borroka konkretuak bakarrik. Mundu mailan momentu eta leku jakin batzuetan egon diren tresnak edo planteatu diren proposamenak aztertuko ditugu, betiere Busturialderako baliagarriak direnak. Horiei buruzko analisi kritiko bat egingo dugu. Aztertuko ditugu historian zehar eman diren proposamenak eta errealitateak, eta bien uztarketa horretatik benetan gaur egun eragiteko baliagarriak direnak proposatuko ditugu.
Zein da zuen helburua?
A.R.: Kontseilu Sozialisten helburua antolakuntza komunista indartsu bat garatzea da, eta gure kasuan, hori Busturialdean garatzea. Ideia eskualde mailan antolakuntza komunista zer den ulertaraztea eta jendea horren baitan antolatzea da. Sistema kapitalista bere osotasunean gaindituko duen antolakuntza forma bat da, ez lan istripuak edota krisi ekologista banaka borrokatuko dituena, adibidez. Guzti horiek sistema kapitalistak sortutako arazoak direla ulertzen dugu eta banakako erantzunak eman beharrean erantzun denak batasun batean integratzen ditugu.
I.O.: Antolakuntza horren subjektu politikoa langile klasea izan behar dela ulertzen dugu guk, modu independiente batean eratua.
Urtarrilean sortu zineten, zer landu duzue orain arte?
A.R.: Hasieratik argi daukagu zein den gure helburua: antolakuntza komunista bultzatzea. Orain arte ideia horren baitako lanketak egin ditugu. Esanguratsuena, bonbardaketaren harira prestatu genuena izan zen. Bonbardaketa prozesu historikoan kokatu genuen, eta bertan parte hartu zuten indar faxisten garapena aztertzea zen helburua. Borroka antifaxistan bizia galdu zutenekiko oroimen ekitaldia egin genuen, faxismoari buruzko hitzaldi bat antolatzeaz gain. XX.mendeko faxismoak izan zituen ezaugarrietan sakondu genuen: zertan zetzan ikusi genuen, zelako mugimendua izan zen eta zelako garapena izan duen, eta egun zein formatan mantentzen den. Faxismoak izan duen garapena eta honen kontrako borroken nolakotasuna zein izan zen eta gaur egunean ere zelan aurre egin behar diogun aztertu genuen.
I.O.: Faxismoa ez da XX. mendeko lehen zatiko fenomenoa bakarrik. Egun ere, Europan ikusten ari gara mugimendu faxistak zelan ari diren indartzen. Honi aurre egin ahal izateko iraganeko irakaspenetatik edan behar dugu, orduan nola egin zen eta egun nola egin beharko den asmatzeko.
A.R.: Guretzako oso garrantzitsua da irakaspen historikoetatik ikastea. Egiari eta prozesu iraultzaileari zor diogun kritikotasunaz landu behar dira gauzak. Aztertu egin behar da zer pasatu zen, eta mugimendu horiek gaur egun zer erreflexu duten. Izan ere, ezin da borrokatu faxismoa XX.mendean borrokatzen zen era berean, ez delako modu berean antolatzen. Euren joera zein den aztertuz gero, zelan aurre egin behar zaien aurreikusi dezakegu.
Gizarte kritikoa bihurtzea bilatzen duzue?
I.O.: Tesi politiko batzuk gizartean zabaltzea bilatzen dugu. Gure kasuan, tesi komunistak. Eta uste dugu antolakuntza komunistaren bidez egin behar zaiola aurre bai faxismoari, baita landuko ditugun beste aspektuei ere. Horretarako, babesgabetasunaren adierazpen desberdinak aztertuko ditugu kanpainan zehar.
Aurrera begira zer?
A.R.: Lan lerro desberdinak ditugu, eskualdean ematen diren problematika desberdinei erantzun edo aurre egin gura diegulako. Gure asmoa antolakuntza integrala garatzea eta horretarako bidean lanketa desberdinak egitea da.