Madalen Eguneko teila Arrantzaleen Museoan geratuko da aurten
Bermeoko Udalak, Ertzilla Dorreko Arrantzaleen Museoan egin duten agerraldian, Madalena Eguneko teila jaurtiketaren ekitaldia bertan behera gelditu dela adierazi du.
Bermeoko Udaleko ordezkaritza osoak ahoz batez onartu du Madalen Egunean egin ohi diren ekimen edo jarduera guztiak ere, aurten, baliogabetzea. Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu duenaren arabera, azken egunotan herrian egon den COVID-19aren kutsatzeen kasuen gorakada “oso kezkagarria” da; era berean, 2021eko Madalen Eguna, aurtengo testuinguru berezian, “historiara pasatuko den eguna” izango dela argitu du.
Halaber, alkateak azpimarratu du pandemiak “oso-oso bizirik” dirauela eta, hortaz, “herritarren eskuetan” dagoela egoerari buelta ematea. Hori dela eta, esfortzua eskatu die herriko talde eragile guztiei, elkarlanerako deialdi bat egin du, “etorkizuna gure eskuetan dago” lelopean.
“Etorkizuna gure eskuetan dago”
Oraintsu aurreratu legez, Bermeo Udalak bertan behera laga ditu uztaileko kultur egitasmo guztiak; “kutsatze datuek hobera egin artean, ez dira bideragarriak segurtasun neurriekin”, adierazi du Abaroak. Madalen Egunerako prestatuta zeuden jardueren artean, ostera, bana baino ez dira burutu: batetik, hala Bermeoko bandera, nola ikurriña Izaro irlan ipini dituzte, egun berezi horretan Bermeoko mugak berretsi asmoz; bestetik, berriz, urtero uhartearen atzealdean egin ohi den teila jaurtiketaren ordez, ekitaldi instituzional “xume eta oinarrizko bat” egin egute Arrantzaleen Museoan bertan.
Etxe berria teilarentzat. Egungo egoerak itsasora ateratzea eta teila jaurtiketa bertan egitea galarazten duenez, udal ordezkariek eta herriko plataforma desberdinetako eragileek, Aritz Abaroa buru dutela, aurtengo ekitaldi ofizialerako prest zegoen teila aurkeztu dute; gainera, Arrantzaleen Museoko zuzendariak, Leire Irazabalek, azaldu du Bermeoko Udalak teila museoan uztea erabaki duela, “herritarren nahiz bisitarien gozamenerako”. Abaroak gaineratu duenez, “Bermeon ez dago Arrantzaleen Museoa baino leku aproposagorik itsasoagaz hain lotuta dagoen elementua gordetzeko”.
Bestalde, urtero legez, Madalen Eguneko akta sinatu dute, museoan bertan eta alkateak sinadura zeremonian baliatzen den esaldia garai berri eta bereziotara moldatzea erabaki du: “honaino heltzen dira Bermeoko itoginak” formularen ordez, “mundu zabaleraino heltzen dira Bermeoko itoginak” esan du, lehendabiziko mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizuna arrazoi delarik.
“Mundu zabaleraino heltzen dira Bermeoko itoginak”
Sinbolismoz gainezka. Itsasoa ezagutuko ez duen teila, aurten, sinbolismo gainezka dago. Izan ere, Juan Sebastian Elkanok munduari lehenengo bira emateko eroan zuen itsas espedizioan, Bermeoko zazpi itsasgizon zeuden; haietatik bi baino ez ziren itzuli: famatuena Juan Akurio kontramaisua izan zen, baina, beragaz batera, Pedro Txindarza itsasmutil edo txo-a ere bueltatu zen. Aurtengo teila, hain zuzen ere, Chindarzaren jaiotetxekoa da, Almika auzoan kokatutako Txindurza baserrikoa.
Agerraldiaren amaieran, Aritz Abaroak “ardurarako eta erantzukizunerako” azken deialdi bat egin gura izan du, “modu hain sinbolikoan eta xumean ospatzen den azken Madalen Eguna izan dadin”.