"Lasterketa ugari eta oso garrantzitsuak lehiatu ditut, ekarpen pertsonal esanguratsua eginez"
Uda gazi-gozoa ari da izaten txirrindulari gernikarrarentzat: Giroan eta Tourrean maila aparta erakutsita, Olinpiar Jokoetako selekziotik kanpora geratu da, azken orduan.
Zein da orain arte hain luze dohakizun denboraldi honen balantzea edo irakurketa?
Ondorio positiboak atera ditut lortutako guztitik. Denboraldia beste helburu batzuekin hasi nuen, baina jakin badakit gure lana ezin dugula bakarrik emaitzetara bideratu. Lasterketa ugari eta oso garrantzitsuak lehiatu ditut, ekarpen pertsonal esanguratsua eginez. Hori dela eta, taldeak lorturiko helmuga kolektiboen parte izatea, niretzat, zeharo baliotsua da.
Zure ibilbide profesionalaren hasieran, aste bateko edo egun bateko lasterketetarako profila zeneukala zirudien, baina, honez gero, bete-betean sartu zara hiru asteko itzulien jokoan; itzuli handietako txirrindulari sentitzen zara?
Zalantza barik. Azken urteotan, denboraldiko, itzuli handi bitan egon naiz; maila altuan lehiatu ditut, gainera. Nire lehen profesional urteetan, oraindik esperientzia eta eskarmentua falta zitzaizkidan: kilometro aldetik, gorpuzkera aldetik, egutegiaren ezagupen aldetik… gabezia esanguratsuak nituen. Bestalde, lehiatu nuen egutegi motak, beharbada, ez zidan larregi lagundu, garapen azkarra izan nezan; behin Caja Rural taldera ailegatuta, lehenengo Espainiako Itzuliak egiten hasi nintzen, eta nire ikuspuntua, horregaz, eraldatzen hasi nintzen. Salto potoloena, baina, Astana taldera igarotzean etorri zen: nire txirrindulari profila hiru asteko itzulietarako doitzea lortu nuen.
Italiako Giroan, Mikel Landa taldeburua erori eta lasterketatik joatean, Damiano Carusoren mesedeten lan egitea suertatu zitzaizun. Zelan kudeatu zenuen aldaketa bortitz hura?
Esperientzia gorabeheratsua izan zen: lasterketari aurpegia erakutsi genion, baina hiru txirrindulari galdu genituen, eta Rafa Vallsek ia-ia ez zuen bukatzea lortu. Carusorentzat beharrean ibiltzea egundoko plazerra izan zen niretzat; bera ere, sarri, besteentzako lanean ibiltzen da eta, hortaz, taldeburu zelarik, modu berezian eskertu zuen taldekideen lana. Gainera, ofizioa bikain ezagutzen du eta, beraz, biok ala biok oso ondo genekien tankera hartako podium aukerak oso gutxitan datozela eta aprobetxatu egin behar genituela. Oro har, Damiano Caruso moduko pertsona umil eta langile bati laguntzeaz oso harro nago.
Ostean, Tourra kateatu eta sailkapen orokorrean bederatzigarren amaitu zenuen. Pozik zaude lortutako emaitzagaz?
Bai, asko. Lehen hamarretan amaitzeak uneoroko estresa dauka atzean: denbora osoan ondo kokatuta, adi eta tentsioz gainezka ibili behar zara, eta ezin duzu inon hanka sartu. Bestalde, nire helburua ez zen taldearen jomuga bakarra: elastiko berdea, mendikoa, etapa garaipenen lehian egotea eta lehen hamarren artean kide bi sartzea bilatzen zuten. Orokorrean, Tour biribila atera zaigu: hiru etapa garaipen, 9. postua eta taldekako sailkapena gure ekinaren erakusgarri dira.
Hautatzaileari, egindako lana aitortzea baino ez nion eskatzen»
Tourraren ostean, Tokioko Olinpiar Jokoetara joatekotan egon zara; azken orduan, baina, Espainiako selekzioko hautatzaileak kanpoan laga zaitu. Zer gertatu da?
Egia esan, nik ere hedapena eman nion, halabeharrez, komunikabideetan. Tourra bezalako proba batean, sentimenak puri-purian daude eta, merezi duzun moduan tratatzen ez zaituztela ikusten duzunean, erantzutea oso erraza da; nik ez nuen nire ilusioa ezkutatu eta, denboraldian, hautatzaileak gauza positibo piloa esan zuen niri buruz. Hori esan ostean, baina, ez zuen izan niri pertsonalki deitu eta berria kontatzeko keinurik. Ez dut uste modu egokia izan zenik: berak bazekien ni oso gogotsu nintzela, eta azken ordura arte, etapa hasi baino minutu batzuk lehenagora arte itxaron zuen ni informatzeko, inongo justifikazio sendo barik, gainera. Oro har, niganako konfidantza erakustea eta egindako lana aitortzea baino ez nion eskatzen: aurretiaz bere asmoak ezagutzera ematea, ezer ezkutatu barik. Horrela egin izan balu, bere erabakia, edozelakoa izanda ere, onartzea besterik ez nukeen izango, baina errealitatea bestelakoa da: ez du bide edo formarik egokiena aukeratu.
Tourrera itzulita, taldeak sailkapen nagusirako hautagai batentzako babesa eman dizula uste duzu ala inoiz igarri duzu beste jomuga batzuen atzetik lehiatu dutela, zu bete-betean babestu ordez?
Egoera nahasi batzuk egon dira, baina nik neuk ere erabaki asko hartu ditut, adibidez, taldekideak edo taldekako sailkapena defendatzeko. Egia da, baina, nire postua kolokan jarri dugula, ihesaldi arriskutsuak onartuta; dena dela, behin Parisera helduta, ez dago txarto atera zaigula esaterik. Denetara ailegatu gara, eta maila onean. Beharbada, lasterketan lotuta eduki behar genituen txirrindulari batzuk joan egin zaizkigu, baina helburu askotara jokatzeak zama hori dakar. Hasieratik, argi geneukan sailkapen orokorra lehiatu behar genuenok bilatu beharko genuela taldea, eta ez alderantziz.
Tourreko miaketan, jendarmeek kriminalen antzera tratatu gintuzten»
Frantzian zeundetela, jendarmeak hotelera sartu zitzaizkizuen, zuon entrenamendu txostenak eta dokumentazioa eskatzera. Zer dela eta?
Esperientza oso surrealista izan zen. Ez dakigu nondik datorren interes hori edo operazioa non hasi zen. Taldeko partaideentzat ez zen atsegina izan. Kriminalen antzera tratatu gintuzten: gelak eta maletak erregistratu zituzten, autobusa hankaz gora jarri zuten… baina guk ez geneukan ezer ezkutatzeko. Hori bai, etapa gogor batetik gintozen eta, biharamunean, Tourmaleteko eta Luz Ardideneko etapatzarra zen; hori gutxi balitz, berandu afaldu behar izan genuen, askok ezin izan zuten masajerik hartu eta, gainera, batzuk sakelakorik eta ordenagailurik gabe utzi zituzten, hau da, familiagaz kontaktatu ezinda. Seguru nago horrek hurrengo eguneko etapan eragin handia izan zuela gugan.
Etorkizun hurbilera begira, denboraldia Tourragaz amaitu zaizula esan daiteke ala lehiatzen segitzeko asmoz zaude?
Lasterketaren bat geratzen zait oraindik, baina helburu nagusiak, dagoeneko, joan dira. Hemendik aurrera egingo dudan dena datorren denboraldira begira izango da; lehentasuna, beraz, atsedenak izango du: bai gorputzarenak, bai buruarenak.