Iñaki Mingolarraren 'Etxerako bidea' erakusketa inauguratuko dute zapatuan, Ean
Iñaki Mingolarraren margolanak eta egurrezko eskulturak abuztuaren 7ra arte egongo dira ikusgai, Eskolondon.
Iñaki Mingolarraren Etxerako bidea pintura erakusketa inauguratuko dute zapatuan [uztailak 24], 12:00etan, Eako Eskolondon.
Batik bat pandemia sasoian egindakoa margolanak eroango ditu Eara, baina baita aurrekoak ere. Horiekin batera, gehienbat olibondoen eta almendrondoen egurragaz azken urte eta erdian egindako hainbat eskultura txiki ere egongo dira ikusgai.
Mediku, historialari eta lanbide heziketan irakasle izandakoa da, eta arte sorkuntza zaletasun bat baino gehiago bihurtu zaio. “Azken hamabost-hogei urteotan bizi-arrazoi oso garrantzitsua bihurtu da niretzat”, azpimarratu du.
50 urte baino gehiago daramatza Euskal Herritik kanpo, Katalunian bizi da, baina lotura estua dauka Eagaz, Angelutxu auzoagaz: “Nire aita Gautegiz Arteagakoa zen. Urte askotan Euskal Herriarekiko konexioa Ea izan da, eta gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen ari da konexio horren barruan”.
Pintura figuratiboa eta abstraktua batzen ditu erakusketak. Gaur egun azken horiek lantzen ditu, pentsamenduetan, emozioetan eta sentsazioetan sakonduz: “Horiek paper-pintura, wash eta tintekin adierazten ditu, eta batzuetan baita olioekin ere”.
Normalean plangintza edo aurretiazko ideia argirik barik lan egiten du: “Margotzen dudanean zer kontatu nahi dudan esatea oso zaila da. Oso barrutik ateratzen diren gauzak dira, sortzerakoan dauzkadan emozioak eta sentsazioak biltzen dituzte lanek. Pintatzen ari naizenean ez dakit zer adierazi nahi dudan, baina sortzen ari naizela sentitzen ditudan emozio horiek jendearengan sortzea edo jendeari transmititzea bada asmoa”.
Etxerako bidea irudikatzen dute lanek; “nostalgia eta samurtasun” kutsua dauka erakusketak: “Igarotakoari uko egin barik, jatorrira bueltatzen saiatzearen ideia adierazi nahi dut zelanbait. Lantzean behin etortzen naiz, utzi nuen mundu hartan gozatzen eta maitatzen segitzen dut. Bestalde, gurasoak euskaldunak ziren, eta ama hizkuntza berreskuratu ez izanaren samina ere badaukat”.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldekoek animatuta eta gonbidatuta ipiniko ditu ikusgai bere lanak lehenengoz Ean: “Bere herria ere badelako Ea. Bere koloreak, formak, sentimenduak… gustuko ditugu”, adierazi dute kultur taldeko kideek.
Orain dela pare bat urte esan zioten erakusketa egiteko, eta iaz egitea pentsatu bazuten ere, ezinezkoa izan zen: “Aurten egin ahal dugulako pozik gaude. Hemengo paisaiekin, itzulera marrazten du bere pinturetan. Bere sentimenduak, pentsamenduak pinturaren bidez, geugaz, herritarrekin partekatzeko aukera da. Zelanbait, etxerako bidea hartu du pintura hauen bidez; barruan daukan sentimendua, Eatik Bartzelonara eta Bartzelonarik Earainoko joan-etorria sinbolizatzen du”.
Ordutegia. Erakusketa abuztuaren 7ra bitartean egongo da Eskolondoko 2. solairuan. Astelehenetik barikura, 17:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.