Herri-basoak lortzeko eta lehengoratzeko
Eako baso autoktonoaren aldeko kanpaina hasi dute. Ullako herri-basoan bertako espezieak landatuko dituzte, eta horretarako bonuak saltzen ari dira, eta boluntario sarea osatuko dute.
Bertako espezieak landatu eta bertoko basoak sortu. Azken urteotan horiek berreskuratzearen aldeko apustua egin dute Euskal Herriko hainbat udalerritan, eta Ean ere bide horretan ari dira. Udalak azken urteotan hasitako beharraren ildoari segituz, herritar talde bat elkartu eta Basokideak ekimena sortu dute.
Bertako landareak landatuz, Eako basoak lehengoratzea dute helburu. Horrela, Natura kontserbatzea eta udalerriko paisaia zaintzea lortu nahi dute, “ingurune erakargarriagoa eta iraunkorragoa sortuz”. Era berean, herritarrak kontzientziatzen eta udalerriko ingurumena hobetzen eta kontserbatzen lagundu nahi dute.
Auzolana eta kontzientziazioa dituzte oinarri. Herri mailan elkartea sortzeko asmoa daukate, baso naturalaren, baso autoktonoaren aldeko egitasmoak elkarlanean aurrera eroateko.
Eako baso autoktonoaren aldeko kanpaina eta manifestua aurkeztu zituzten zapatu eguerdian, Eskolondoko arkupean. Ullako herri-basorako proiektua ere aurkeztu zuten.
Zientzia, kultura, komunikazioa, hezkuntza eta beste hainbat arlotako udalerriko bizilagunek eta Eagaz lotura estua daukatenek sinatu dute manifestua. Horietako bat da Aitor Galarza basozaina, ekimenaren alma materra, hasiera-hasieratik proiektuaren bultzatzaileetako bat izan dena.
Galarzak dio Ullako herri-basorako proiektua abiapuntua dela: “Nolabait esateko, talde txiki bat modura lan egiteko ditugun gaitasunak eta herriko jendearen erantzuna, interesa ikusteko balio digun proiektu pilotua da Ullakoa”.
7,4 hektareako lursaila
Eako Udalak 7,4 hektareako lursaila erosi zuen eta bertan 2.500 arbola landatzea aurreikusi dute. Gehienak lizarrak, haltzak eta urkiak izango dira, eta haztea gehiago kostatzen zaien beste zazpi-zortzi bat espezie ere landatuko dituzte, esate baterako, pagoak, haritzak, gereziondoak, eta zumarrak. “Baso misto-atlantiarraren berezko espezieak jartzen saiatuko gara. Ez ditugu arbola asko landatuko, batez ere dauden hutsuneetan eta pistetan, horiek kentzeko. Horrela, mendia, basoa ahalik eta naturalen geratzea nahi dugu. Horrela, jendea bertaraino oinez joan ahal izateko eta naturaz gozatzeko. Ez da ekoizpen-basoa izango, birsorkuntza-naturaleko basoa baizik, herrirako natur-parkea nolabait esateko”.
Basoan dauden landareak, arbolak eta zuhaixken aurre-analisi bat egin dute: “Zegoen pinudia bota zuten, baina, hala ere, ikusi dugu baso atlantiarraren berezko espezie guztiak mantentzen dela, iberiar penintsularen iparraldeko basoen espezieak, alegia”.
Basoa herrigunetik nahikoa hurbil dago, pare bat kilometro pasatxora. Hain zuzen, Urtubiagako burdinolara doan bideari jarraituta ailegatzen da bertara. “Ibilbide ekologikoren bat edota ingurumen-ekintzak edo jarduerak egiteko bertara txangoak antolatzeko aukera eman dezake. Halako ideia edo proiektuak buruan dauzkagu, ez dakit aurrera eroateko gai izango garen edo ez, baina mugimendu hau martxan ipini dugu, eta ea zer gertatzen den”.
Udazken-neguan landatu
Udazkenean hasiko dira landatzen, eta orain, landaketarako dirua batzeko bonu-kanpaina martxan ipini dute. 50 eta 20 euroko bonuak eskuratu daitezke, lehenengoa bost arbolentzat eta bigarrena birentzat.
Udako zenbait asteburutan euren proiektuaren berri ematera eta dirua biltzera aterako dira kalera: “Mahaiak ipiniko ditugu Ullako basoa birlandatzeko dirua biltzeko. Udan herrian jende asko dagoela aprobetxatuko dugu, udatiarrez gain, jende asko etortzen baita. Ez da bakarrik dirua batzeko, hona datozenei herrirako zerbait egiteko aukera ere eman nahi diegu. Agian, laguntzeko interesa daukan eta prest dagoen jende asko egon daiteke”.
Boluntario sare bat ere osatu gura dute udazken-neguan egingo dituzten landaketen deialdietarako: “Landaketetan behar egiteko boluntario plataforma horrez gain, gure elkartean aktiboki parte hartzeko eta kolaboratzeko deia ere egiten dugu. Zenbat eta jende gehiago izan hobeto”.
Besteak beste urkiak, lizarrak, haltzak, pagoak eta haritzak landatuko dituzte
Abuztuaren azkenengo asteburuan Ullako basora irteera bat egitea aurreikusi dute, bertatik bertara proiektua ezagutzeko: “Eta bertan dauden landareei buruz berba egingo dugu”.
Ullako lursaila “oso interesgarria” dela dio basozainak: “Ea erreka bertan jaiotzen da. Bi kilometro eta erdiko errekatxoa da, Kantauriko txikienetakoa. Koba antzekoetan sortzen da, eta ur-jauziak daude; leku polita da”.
Udalagaz eskutik helduta doaz, eta udalaren lana azpimarratu du: “Udalari laguntzeko edota sostengua emateko plataforma moduan sortu dugu hein batean. Udal txikia da, eta lursaila erosten nahikoa egin duela uste dut. Jabekuntza oso ona da, eta gauza handia da halako herri txiki batentzat”.
Udalarekin lankidetzan, “eremu sentikorretan” dauden lursailak erostea sustatu nahi dute, batez ere ibaiertzei eta kostaldeari lotutakoak, baina baita udalerriko bidezidorren sarearen ingurukoak ere. Euren asmoa da funts publiko eta pribatuekin egitea, azken horiek «partikularren eta enpresen dohaintzen” bidez. Behin eskuratuta, lursailak titulartasun publikokoak izango dira, “eta Eako Udalak konpromisoa hartuko du lur horiek baso autoktono moduan lehengoratzeko eta gozamen publikorako egokitzeko”.
Jendeari aukera eman nahi diote udalerriko “ingurumen-osasuna hobetzen aktiboki parte hartzeko”, bai ekimen hau babestuz, bai ekonomikoki lagunduz, garatzen diren baso-berritze kanpainetan parte hartuz edota jabeen kasuan, lurrak emanez edo kontserbatzeko zaintza- akordioak lortuz, baina titulartasun pribatuari eutsita.
Momentuz erantzuna “nahikoa ona” izaten ari da: “Sinadura bilketaren erantzuna ona izan zen, eta zapatuan bertaratu ziren askok eta askok bonoak erosi zituzten, eta izena eman zuten euren laguntasuna eskainiz. Ideia ona iruditu zaio jendeari. Pozik gaude”.
Aurkezpena
Garazi Izagirre bibolin jotzaileak eta Rober Escobar gitarristak girotuta hasi zuten zapatuko agerraldia. Jose Mari Landak egin zuen sarrera-aurkezpena, eta jarraian Eako baso autoktonoaren aldeko marnifestuaren sinatzaileetako bik, Juan Luis Landazabalek eta Felicitas Lorenzok, haren laburpena irakurri zuten euskaraz eta gazteleraz.
Ondoren, Galarzak berak zehatz azaldu zuen proiektua, eta llako lursailaren landaketarako planaren zehaztasunak eman zituen.
Galarzaren argazkiez eta Mikele Landaren bideoez osatutako Ullako irudien ikus-entzunezkoa ere ikusi zuten zapatu eguerdiko ekitaldian. Amaitu aurretik, Ander Elortegik egindako bertso kanta kantatu zuten denen artean, eta Izagirrek eta Escobarrek beste pieza bat jo zuten amaieran.