Bermeo bosgarren sailkatu da Euskadiko Traineru Txapelketan
Beteranoetan Mundakako Bisonteak laugarren sailkatu dira. Senior mailan, gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Arraun Lagunakek irabazi dituzte banderak, eta beteranoetan Badok 13 Zarauzko taldeak.
Gipuzkoarrak nagusi izan dira aurtengo Euskadiko Traineru Txapelketan. Atzo arratsaldean [uztailak 21] Lekeition lehiatu zuten, eta senior kategoriako bi podiumetan Gipuzkoako klubak sartu ziren.
Bermeo bosgarren sailkatu zen, eta beteranoetan, berriz, Mundakak laugarren amaitu zuten.
Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Arraun Lagunakek irabazi zituzten banderak, eta beteranoetan Badok 13 Zarauzko talde izan zen azkarrena.
Aurreko astean Gipuzkoako txapeldun geratu zen Hondarribiak 19.46,68 markagaz lortu zuen Euskadiko bandera preziatua. Donostiarragaz lehia polita eduki zuen bigarren txandan, eta estropada amaieran sei segundo eta 76 ehunen atera zizkion talde donostiarrari. Oriorentzat izan zen brontzezko domina. San Nikolas ontzia izan zen lehenengo txandako azkarrena, eta Ama Guadalupekoarengandik zortzi segundo eta bederatzi ehunenera sailkatu zen.
Oriok estropada buruari eutsi zion hasieratik. Bermeok Ondarroagaz eduki zuen bigarren posturako lehia. Adibidez, azken ziabogan segundu bakarreko aldea eduki zuten; Oriorengandik bederatzi-hamar segundora eman zuten. Oriorengandik zazpi segundo eta 94 ehunenera amaitu zuen Urdaibaik txanda, eta Ondarroak hamar segundo eta lau ehunenera.
Emakumezkoetan, Arraun Lagunak Donostiako taldea nagusitasunez aritu zen. 10.38,20ko denboran amaitu zuen, eta 11 segundo eta 27 ehunen atera zizkion Orio bigarrenari. Donostiarrak osatu zuen podiuma, irabazlearengandik hamazazpi segundo eta sei ehunenera sailkatuta.
Beteranoak. Bestalde, beteranoetan, hamar minutu, 49 segundo eta 24 ehuneneko marka egin zuen Badok 13 taldeak. Hamar segundo eta 64 ehunenera sailkatu zen Fortuna txapeldunordea. Iberiak osatu zuen podiuma, 11.01,36ko denboragaz. Mundaka hiru segundo eta erdigatik geratu zen podiumetik kanpo. Txapeldunengandik hamabost segundo eta 44 ehunenera geratu ziren Mundakako bisonteak.