Kosnoagakoek denboraldi amaiera "bikaina" izan dute
Azken hilabetean Bizkaiko eta Euskal Herriko udako txapelketetan parte hartu dute Kosnoaga Igeriketa Taldeko igerilariek. Orain, taldeki batzuek Espainiako txapelketa lehiatuko dute, eta beste batzuek, ostera, merezitako oporraez gozatzen ari dira.
Pandemiak baldintzatutako denboraldia izan bada ere, “amaiera bikaina” eman diotela azpimarratu dute taldearen arduradunek: “COVID-19ak eragindako egoera bereziak eraginda, harmailak hutsik, igerilarien familiek eta lagunek kaletik edo etxetik animatu behar izan dituzte gure igerilariak. Pandemia-egoerak markatuta aurrera egin dute, eta denboraldi amaiera bikaina izan dute Kosnoaga Igeriketa-taldeko igerilariek. 2021-2022 denboraldian harmailak kamiseta gorriz berriro betetzea espero dugu”. Irailean bueltatuko dira entrenamenduetara.
Aurreko asteburuan, junior eta absolutu mailetako Euskal Herriko Udako Txapelketan parte hartu zuten Santurtzin. Zazpi igerilari joan ziren klub gernikarretik, eta urrezko bost domina, zilarrezko lau eta brontzezko domina bat irabazi zituzten. Beste behin, aipagarriak dira erreleboetako probetan lortutako emaitzak, 4×50 libre, 4×100 libre, 4×50 estilo eta 4×100 estilo-probetan txapeldun geratu ziren eta bigarren 4×100 libretan bigarren sailkatu ziren. “Kosnoaga igeriketa-taldearen tamaina eta baliabideak kontutan hartuta, emaitza ezin hobeak dira”.
Bizkaiko Udako Txapelketan ere emaitza ezin hobeak lortu zituzten. Uztailak 7an eta 8an Santurtzin jokatu zuten, eta horretan Kosnoagako 11 igerilarik parte hartu zuten. Junior mailan, banakako frogetan hamahiru urrezko domina eta launa zilarrezko eta brontzeko lortu zituzten. Absolutu mailan, mailan, berriz, hamar urrezko domina eta launa zilarrezko eta brontzezko. Kategoria horretan, Aimar Ondarzak 100 m bizkar probako errekorra egin zuen.
Erreleboetan ere lan oso ona egin zuten Kosnoagakoek. Nesken taldea bizkaiko txapeldun geratu zen 4×50 libre eta 4×50 estilo probetan eta bigarren sailkatu ziren 4×200 libre, 4×100 libre eta 4×100 estiloko probetan. Mutilen taldea 4×100 libre, 4×200 libre eta 4×100 estiloko probetan izan zen denen artean onena, eta 4×50 estiloetan hirugarren sailkatu zen.
Bestalde, ume eta kimu mailetako igerilarien Bizkaiko Udako Txapelketa ekainaren 19an eta 20an lehiatu zuten Barakaldoko Gorostiaga igerilekuan. Klubeko zazpi ordezkari aritu ziren igerian, eta hiruna urrezko, ilarrezko eta brontzezko domina irabazi zituzten. “Euskal Herriko Txapelketara maila horietan igerilari bakarra joan zen eta bertan zilarrezko domina bereganatu zuen 100 m tximeleta frogan. Azpimarratzekoa da igerilari horien entrenamenduak ez zirela martxora arte hasi, eta beraz, esanahi berezia daukate lortutako emaitza bikainek”, azaldu dute.