Herri txikietan udan ere osasun zerbitzua jasotzea eskatuz manifestazioa egingo dute Lekeition
Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako bizilagunak zapatu eguerdian [uztailak 24] Lekeitioko udaletxetik osasun zentroraino joango dira manifestazioan.
Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrak berriro ere kalera aterako dira mediku eta erizain zerbitzua herrian bertan jasotzen segitu nahi dutela aldarrikatzeko. Mediku kontsulta herrian behar dugu lelopean, manifestazioan aterako dira Lekeition, zapatuan [uztailak 24], 12:00etan.
Udaletxea aurrean hasi, eta portutik pasatu ostean, Abaroa etorbidetik anbulategira joango dira, eta osasun zentroaren parean amaituko dute manifestazioa.
Aste honetatik abuztuaren erdialdera aldizka eta abuztuaren 16tik irailaren 10era jarraian, euren udalerrietako kontsultategietan barik Lekeitioko anbulatorioan jasoko dute aurrez-aurreko arreta. Mendexako eta Amorotoko kontsultategietan, gainera, maiatzaren 17tik daude aurrez aurreko arreta jaso gabe.
Azken asteotan euren desadostasuna agertzeko hainbat ekintza egin dituzte. Amoroton eta Mendexan, esaterako, sinadura bilketak egin zituzten, eta sei udalerrietako bizilagunek ekainaren 26an elkarretaratze jendetsua egin zuten Lekeition.