Haitzbiribileko herri bidea "hesituta" dagoela salatu dute
Murueta eta Forua arteko Haitzbiribil zidorrean dagoen hesi partikular baten presentzia ezagutarazi dute Goiz Zale Elkarteak eta Zain dezagun Urdaibaik.
Haitzbiribil inguruko artadian, Alluntiz-Barrengoa izeneko barrutian, hesi partikular bat modu desegokian jarrita dagoela eta pasabide publiko hori herritarrentzat zarratuta dagoela salatu dute hala Goiz Zale Mendi Elkarteak, nola Zain Dezagun Urdaibaik. Adierazi dutenez, “bide hori betidanik egon da erabilgarri”; hortaz, ez dute bidezkotzat jo “goizetik gauera” pasabidea zarratzea, konponbideren bat eskaini barik. Kirol taldekoek azaldu dute arazoak “baserri hori berritzeari ekin ziotenean” hasi zirela, ordura arte zabalik egondako pasabidea hesitu zutelako; orduan, Foruko Udalera jo zuten, kexaz.
Udaletik, ostera, argitu dute “hamaikatxo saiakera” egin dituztela auzia konpontzeko: ingurunearen azterketa sakona burutu, lekuaren titulartasuna adituekin ikertu, pasabide alternatiboak sortzeko aukerak aztertu eta abar. Titulartasunari dagokionez, adituek azpimarratu dute pasabidea jabetza publikoduna dela “baserriko atari ingururaino”, baina puntu horretatik Muruetarako bidea hasten den guneraino, “oso zaila” dela publikotasuna epaile baten aurrean defendatzea. Proposamen legez, pasabide horren ordez, saihesbide bat sortzea eskaini zuen udalak, baina kontratatutako adituek inbentario publikoan ezinezko tarte bat dagoela egiaztatzean, “proiektua bertan behera” geratu behar izan zen.
Oso zaila da publikotasuna epaile baten aurrean defendatzea”
Auziak bere horretan dirau. Justifikatu ezinezko tarteagatik, etxearen ugazabak atari ingururaino dohakion herri bidea “bere horretan” mantendu behar izan du. Dena dela, jabego publikotik legalki “ihes” egiten duen trantze horretan, eskatutako moldaketak burutu ahal izan ditu, eta udalak, “gura ala gura ez”, erabaki hori baimendu egin behar izan du.
Tarte horregatik eta pasabidearen publikotasunagatik beharrean jarraitzen dute udalak eta Goiz Zalek: azken horiek idatzi bat egin dute, titulartasunaren aldeko argudio gisa. Udala berriro jarri da adituekin harremanetan eremuaren peritu txostena eta tartearen “sakontasunezko azterketa” egiteko.
Zain Dezagun Urdaibaik ere parte hartu du prozesuan: Arartekoari idatzi die, “gai horretan esku hartu dezan”; orain, “epaile bati dagokio adieraztea pasabidea nondik eta zelan zabaldu beharko den”, udaletik adierazi dutenez. Hori bai, “gaur-gaurkoz, ezin dugu guztiz publikoa ez den eremu horretan ezer egin”, azaldu dute.
Espazio babestua. Zain Dezagun Urdaibaitik argitu dute aipatutako baserria “modu ilegalean” erreformatu dutela: indarrean dagoen legediaren arabera, Kantauriar Artadien Babesgunean erreformak egiterakoan, “etxearen dimentsioak, hormen orientazioa eta oinarriaren neurriak errespetatu egin behar dituzte”.
Ez dituzte etxearen dimentsioak, hormen orientazioa eta oinarriaren neurriak errespetatu”
“Azpijokoa” ere salatu dute: etxearen zimenduak “kaltetuta zeudela argumentatu zietela” diote, baina argudio hori “faltsutzat” jo dute, “etxe orijinalak zimendu horiekin ondo asko egin baitzituen hamaikatxo mende”. Zimenduaren argudioagaz, “etxe berria altxatzeko baimena” lortu zutela esan dute, baina baita eraikin berria “dimentsioz eta kokapenez legez kanpokoa” dela ere. Beraz, baimena eman duten instituzioen “faborezko tratua” salatu dute.
Auziak, oraingoz, bere horretan dirau eta inplikatutako aldeak “konponbideen bila lanean” dabiltza. Hori bai, Zain dezagun Urdaibaitik argitu dute kasua “epaitegietara eroateko” prest daudela, “Forutik Muruetarako betiko herri bidea defendatu beharra” sentitzen dutelako.